NAIZ
Durango

Gueñes-Itsaso goi tentsioko lineak sortuko dituen «inpaktu larriak» salatu dituzte

EH Bilduren hainbat hautetsik, alkate independenteek, EHNE sindikatuak eta Eguzki talde ekologistak Gueñes eta Itsaso arteko goi tentsioko linearen proiektua bertan behera uzteko eskatu dute. «Osasunean eta ingurumenean inpaktu larriak» eragingo dituela salatu dute.

Gueñes eta Itsaso arteko goi tentsioko lineakren proiektua bertan behera uztea eskatu dute. (ARGAZKI PRESS)
Gueñes eta Itsaso arteko goi tentsioko lineakren proiektua bertan behera uztea eskatu dute. (ARGAZKI PRESS)

EHNE, EH Bilduren hautetsiak, Eguzki talde ekologistako kideak eta alkate independenteak Durangon elkartu dira Gueñes eta Itsaso arteko goi tentsioko liineak ekarriko dituen kalteak salatzeko. 30 metro zabalera eta 74 kilometroko luzerarekin lurraldea «zatitu» egingo duela adierazi dute eta honek «fauna eta landarediaren gain eta ingurumenean inpaktu larriak» sortuko dituela ohartarazi dute.

Gogora ekarri dute iragan hamarkadako proiektu bat dela eta «erabat zaharkituta gelditu diren aurreikuspen makroekonomikoei eta eskaera energetikoari erantzuten dioela». Adierazi dutenez, «benetako arrazoia» espainiar Estatuako duen gainprodukzio energetiko frantziar Estatura eramatea da. «Gure osasuna eta ingurumena, beste behin, oligopolio elektriko baten mesedetan jartzea da linearen helburua».

Era berean, proiektu honek osasunean izan ditzakeen eraginak nabarmendu dituzte: «Ugariak dira frekuentzia apaleko eremu elektromagnetikoak minbizi eragile direla dioten azterketak, eremu elektromagnetiko horien inguruan haurrek leuzemia izateko arriskua areagotzen dela azpimarratuz».

Zentzu honetan, espainiar araudiak 100 mikro-teslako muga jartzen du, baina Osasun Ministerioak «0,4 mikro-teslatik gora jasaten duten herrietan azterketa epidemiologikoak bultzatu behar direla».