NAIZ

ETAren armagabetzeari babesa adierazi diote Hego Amerikako hainbat alderdik

Mexiko Hirian bilduta, Hego Amerikako ezkerreko zenbait alderdi eta erakundek «ongietorria» eman diote ETAren armagabetzeari eta, gainera, Madril eta Parisko gobernuei dei egin diete urratsak eman ditzaten, bereziki espetxe politikaren eremuari dagokionean. 

Marian Beitialarrangoitia eta Piedad Cordoba.
Marian Beitialarrangoitia eta Piedad Cordoba.

Mexikoko Langileen Alderdiaren XXI. mintegiaren harira, Mexiko Hirian bildu dira ezkerreko alderdi eta erakunde desberdinak. Bilkura martxoaren 23a eta 25a bitartean egin da eta han izan da Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatua.

Hitzorduan parte hartu dutenek Euskal Herriari buruzko ebazpen bat onartu dute.

Alde batetik, ETAren armagabetzeari «ongietorria» adierazi diote, azpimarratuz apirilaren 8an guztiz armagabetuta egongo dela erakundea «gizarte zibilaren inplikazio masiboari esker.

Madril eta Parisi deia, mugi daitezen

Bestetik, Madril zein Parisko gobernuei ere deia egin diete, gatazkaren ondorioen arloan urratsak eman ditzaten, «beharrezkoa eta urgentziazkoa baita garai berriei doitutako politikak aplikatzea».

Onarturiko ebazpenean, espetxe politika aldatzea ere eskatzen da. Zehazki, sakabanaketa politikarekin amaitu eta, «kaleratu aurretik, presoak Euskal Herriko espetxeetan batu ditzala» eskatu diote Mariano Rajoy buru duen gobernuari.

Ildo horretan, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen zein 65 urtetik gorakoen berehalako askatasuna ere aldarrikatu dute.

Azkenik, bere etorkizuna erabaki dezan herriari hitza emateko beharra nabarmendu dute.

Mintengian parte hartu dutenen artean daude Medardo Gonzalez FMLNko idazkari nagusia eta Piedad Cordoba Kolonbiako presidentetzarako hautagaia, besteak beste.