Atzera kontaketa martxan da jada. Heldu den ostegunean, hilak 30, Otxandiotik abiatuko da Korrikaren 20. edizioa eta hasieraren harira prestatutakoa aurkeztu dute AEK eta Korrikako arduradunek Bilboko Kalderapeko kulturgunean eginiko agerraldian.
Asier Amondo Korrikaren arduradunak eta Joseba Irazabal Otxandioko arduradunak eman dituzte eguneko xehetasunak.
Irazabalek aurkeztu du eguneko egitaraua: Korrika Txikia, kale-animazioa, ‘Aurrera Korrika’ ikuskizuna eta Gozategi taldea izango dira, besteak beste. Arratsaldeko 16.40an egingo da hasiera-ekitaldia, Koikili Lertxundik eta Zuriñe Iarrituk aurkeztuko dutena, eta 17.00ak iristearekin batera egingo ditu Korrikaren 20. edizioak aurreneko pausoak.
Lehen kilometroa Joseba Kanpo Korrikaren sortzaile otxandiarra zenaren omenezkoa izango da. Kanporen senideekin batera, Korrikaren beste zenbait sortzaile izango dira hasierako kilometroan, 20. edizioko omenduak diren neurrian.
Otxandiotik bertatik saioa elkarlanean egingo dute euskarazko hedabideek, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Euskal Herrian zein otxandiarren aldetik azken hilabeteotan jasotako babesa bereziki nabarmendu nahi izan du Amondok. Hala, Otxandioko Felipe Arrese Beitia poetaren hitzak ekarri ditu gogora, euskararekiko maitasunaren isla gisa: «Euskera maite maite, zagoz neugaz beti, euskara hilz gero ez dot gura bizi».