Abila da Alaves talde handien aurka etxetik kanpo lan onak osatzen, baina igande honetan Santiago Bernabeun jazo dena ez da horren adibide izan. Lehenengo minututik erakutsi du Real Madrilek lidergoa sendotzeko asmotan zela, Cristiano Ronaldoren saiakera horren erakusle.
Lehenengo sustoaren ostean, baina, neurketari tamaina hartzea lortu du Alavesek; Real Madrilek zeukan baloiaren jabetza baina aukerak bi taldeek sortu dituzte. Ohi bezala, ezerezetik atera du gola etxeko taldeak. Benzema izan da golegilea kasu honetan. Atsedenaldira iritsi aurretik izan du gol aukera parea talde babazorroak, ezin asmatu ordea.
Bigarrengo zatira are hobeto zelairatu dira Alaveseko jokalariak eta Deyverson eta Edagrren artean izan dituzte gol aukera adina markagailuan berdinketa ezartzeko. Santiago Bernabeun barkatzen denean, ordea, jasotzen amaitzen da, eta hala gertatu da gaurkoan ere.
Benzemak bere bigarrena egin du 85. minutuan, neurketa erabat bideratuz bere taldearen aldera. Handik bi minutura, berriz, Nacho izan da Baleren jaurtiketa zital baten osteko alderatzea aprobetxatu eta amaierako hiru eta hutsekoa jarri duena.
Azkenean, beraz, merezi baino zigor handiagoa jasota eta esku hutsik itzuli dira arabarrak etxera.
Errepasatu neurketak utzi dituen xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.