Zubiak gainditzeko, euskara
Zoro zoragarriak direla dioenik badago; zer egiten duten oso ondo dakitela esango nuke nik, ordea. Hernanitik Errenteriaraino etenik gabe korrika egin duten gazteak, gurpildun aulkian animatu diren lagunak... eta Lapurdi eta Gipuzkoa batu dituen ordezkaritza zabala. Zubiak gainditu eta desagerrarazi.
Lau urteko mutiko koxkorrak ez zuen ezkutatzen sentitzen zuen urduritasuna, irrikatan zen furgonetak muturra noiz erakutsi errepidera salto egin eta bera ere korrika hasteko. Burutxoa ateratzen zuen espaloi ertz-ertzetik, amonaren begiradapean. Eskutxo artean gogor eusten zuen makilatxo bat: bere lekuko partikularra zen, altxor preziatuena lez, airean etengabe astintzen zuena.
Ez dakigu protagonista txikiaren izena, baina bere irriak denen izena zeraman Lapurdiko txoko hartan, Santiago zubiaren alde batean, Gipuzkoara ailegatzeko asmoz ziren euskalakari mordoaren artean.
Hantxe egin zuten bat erakunde eta euskalgintzako ordezkari ugarik arratsaldeko lauak pasatxo. Lakuako Gobernua, Nafarroakoa, Gipuzkoako Aldundia, Kontseilua, AEK… 28 guztira, eta lekukoa eskuz esku. Zubiaren hautua ez zen hutsala, eta bazuen karga sinboliko handia, hunkituta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak azpimarratu zuen bezala. «Korrika bera hunkigarria da, baina argazki hau herritarrek eskertuko dute: denak bat eginda. Etorkizunera begira marka jarriko dugu», erantsi zuen. Mugak, bai «fisikoak» bai «burukoak», gainditzeko deia egin zuen bestetik Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. «Gure altxorra da euskara, Nafarroakoa, eta gure apustua zentzu horretan garbia da», berretsi zuen.
Bidasoa ibaia oinen azpian, baina oinak busti gabe, ehunka lagunek eskatu zuten gure hizkuntza ikasteko doakotasuna, euskaraz bizitzeko eskubidea. Bidasoa ibaia oinen azpian baina oinak busti gabe, atentzioa eman zidaten haurdunaldiaren azken txanpan egon arren korrika aritu ziren emakumeek, zera esanez bezala: «gu arduratuko gara datozenei altxorra helarazten». Etorkizuna gaur.
Etorkizuna aipatu zuen Bilbaok. Aizue, etorkizunak zapatilak soinean ditu. Eguna oso indartsu hasi zen Tolosan. Jarraian Hernanik ere sasoia erakutsi zuen, baina, beste gauza askoren gainetik, badagoela erreleboa: umeak, haurrak, gazteak… Eskola orduak eskolatik kanpo, euskararen alde. Beste hainbeste Astigarragan. Herria atzean utzita, eta Errenteria helburu, tarteko landa eremu ederrak begietarako gozamena izan ziren; izan ere, korrikalarien multzo handiek helarazten dituzten sentipenak sentipen –eta ez dira gutxi–, talde txikiek emozio karga berezia dute, berotasuna, albokoa gertu sentitzea, ezezaguna izan arren. “Zoro” batzuk aldapan gora eta aldapan behera; alde batera zein bestera begiratuz gero, bakea, etxe bakan batzuk eta leihora agurtzera atera zen amona dotore bat.
Hiriburuan barna…
Ordu gutxi batzuk geroago Donostian bizi izan zenarekin zerikusirik ez, jakina. Bidebietatik sartu zen bertan, eta esnatu zituen afalorduan hainbeste auzo, akaso mahai gainean utzita platerak bero, edo sukaldean irakiten eltzeak. Morlans, Easo eta Erdigunea. Gros eta Alde Zaharrean kuadrillak zain, denbora aprobetxatzen dakitela erakutsiz, garagardoak eskutan.
Behin Kontxako badia atzean utzita, Bilbo eta Iruñea baino ez dira falta hiriburuen zerrenda betetzeko. Baina hori beste batzuek kontatuko dute… Hortxe, bada, lankideentzat lekukoa!