Otxandion lehen kilometroa egin ostean 1 zenbakidun petoa aldean du Urtsa Erraztik Laudion, bere sorterrian, berriz ere Korrikaren lekukoaren atzetik bere alea eskaintzeko. «Maitasun handiz» gordeko du 20. edizio honetako lehen erreleboa, Joseba Campo zendua gogoan ekin zion aurtengo Korrikak, 1980an ekimen zoro honi bide eman ziotenen omenez. «AEKko ekonomia arduraduna nintzen eta horregatik neu izendatu ninduten...», «egizu kanpaina bat eta topatu dirua ahal duzun tokitik», esan omen zioten.
Garaiko erreferentzia denak Euskal Herri guztitik jendea leku bakar batean biltzea zela eta, «zerbait ezberdina» egitea zuten xede eta kontrakoa egitea erabaki omen zuten, Euskal Herri guztira eramatea ekimena. Hartara, ideiari bueltaka hasi eta askorik behar gabe pentsatu omen zuten, «‘total’... gauez eta egunez egingo dugu, gelditu gabe, eta Euskal Herri guztitik». Orduko zorokeritik egungo zoroak.
Sarean izugarri zabaldu den Gari Garaialderen Murillo de las Limaseko argazkia ikusi du Urtsak, «biak bakarrik goizeko bostetan, bi zoro korrika egiten... euskararen alde... hori da argazkia niretzat». Ekimenaren ezaugarri behinena kilometroa egiteko behar diren sei minutu horiek direla uste du, «jendeak ikusten du badatorrela Korrika Euskal Herritik, sei minutuan hor dago eta joan egiten da gero... hori da niretzat Korrikak duen berezitasuna».
Etxetik euskara jaso zuen garaiko Laudioko gutxienetakoa da Urtsa, «20 bat euskaldun ginen orduan», lehen ikastola «semi-klandestino» modukoa du gogoan, bere aitonak sortutakoa, eta euskarak izan duen garapena bere sorterrian, «Euskal Herrian aldaketa handienetakoa izan duen herria da Laudio, gaur egun euskara normaltasunez entzuten da kalean».
Urte luzez enpresa pribatuan jardun du eta urte pare bat barru erretiratzeko asmoa omen du. Etxera? Ez, «jubilatzeko zain nago, berriz ere AEKra lanera itzultzeko», hala esan digu.
Lehen kilometroan protagonista izan da Korrikaren 20. edizio honetan eta Iruñean ere ezingo du aparte ibili, bere sorterrian nahiago izan du bazterretik protagonismo handirik hartu gabe gehitu Korrikara, lekukoaren kate luze honetan katebegi bat gehiagoren moduan.