«Eskerrik asko, kolosala izan da». Honela ekin dio Asier Amondok, Korrikaren 20. edizio honetako arduradunak, Iruñean egin duten balorazioari. Gogora ekarri du 19. edizioa orain arteko jendetsuena zela, baina aurtengoa «inoiz baino handiagoa» izan dela nabarmendu du. «Euskararen sugarra 11 egunez piztuta eraman dugu».
Hizkuntza baten alde munduan egiten den ekimen handiena dela ekarri dute gogora, eta hau lortzeko ez dituzte atzerrian antolatu diren euskararen aldeko korrikak ahaztu nahi izan. 50 inguru izan dira osotara. Eta lan horretan jarraitzera gonbidatu du gizartea, atzo Sarasate Pasealekaun lekukotik atera ziren Joseba Sarrionandiaren hitzak baliatuz. «Badugu motibo bat: badugu altxor partikular bat balio unibertsala duena, ispilu batean bezala islatzen dela bizitza hizkuntzan».
Era berean, AEKko koordinatzaile Mertxe Mujikak ere herritarrak gonbidatu ditu «euskarara batzera». Eta horretarako «elkarlana eta auzolanaren» balioa nabarmendu ditu. Indarrak batzeko bide horretan, atzo nafar hiriburuan amaitu zen edizioa «batzeko Korrika» izan dela azpimarratu dute. Zentzu horretan, «inoizko anitzena» izan dela baieztatu du Mujikak, herritar, alderdi eta instituzioen parte-hartzea goraipatuz.
«Batzen eta batzen euskarara jende gehiago erakartzen». Mezu hau zabaldu dute Korrika guztian zehar ‘Batzuk’ leloaren bitartez, eta lortu dutelakoan agertu dira. Hala ere, batzen jarraitzeko eta batuketa hori handitzeko pausoak emateko beharra ez dute ahaztu. «Euskarara batzeko bideak erraztu egin behar dira eta horretarako euskararen doakotasuna beharrezkoa da», aldarrikatu du Mujikak.
«Unea da guztien artean euskararen eredu berri hori sortzeko»
Eta bide horretan, jendeari konpromisoak hartzeko eskatu diote, «adostasun berriak lortzeko abagunea» ikusita. Euskararen aldeko lasterketaldi honen antolatzaileek horren isla hartu dituzte Otxandioko hasiera, hiriburuetako alkateek batera egindako kilometroa, Iruñeko irudi masiboa, nafar hegoaldean igarotako kilometroak edo Santiago zubian instituzio desberdinen artean «eraikitako zubi berriak».
Zubi gehiago eraikitzeko beharra dagoen bezala, gaia ere badagoela ospatu dute. «Botila betetzen jarraitu behar dugu, baina argi dago ur emaria badagoela». Horregatik, «hitzetatik ekimenetara» pasatzeko gonbita egin dute.
Atzo amaitu zen Korrikaren 20. edizioa, baina dagoeneko 21.ena ere buruan dute, «guztien artean euskararen inguruko eredu berri hori sortzeko unea delako».