NAIZ
DONOSTIA

Iruñea, Baiona eta Bilbon deitu ditu mobilizazioak LABek Maiatzaren Lehenerako

Bilbo, Iruñea eta Baionan egingo ditu mobilizazioak LABek Maiatzaren Lehenean. Aurtengoa «testuinguru politiko berezian» iritsiko dela azpimarratu du sindikatuak, «garai berri bati ateak irekitzeko» baldintzak daudela nabarmenduz.

LAB sindikatuak Iruñea, Baiona eta Bilbon ospatuko du Maiatzaren Lehena. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
LAB sindikatuak Iruñea, Baiona eta Bilbon ospatuko du Maiatzaren Lehena. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

LAB sindikatuak Maiatzaren Lehena Bilbo, Iruñea eta Baionan ospatuko ditu, ‘Langileok Euskal Estatua. Burujabetza osoa aldaketa sozialerako’ lemapean egingo dituen mobilizazioekin. Donostian egindako agerraldian, Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusia, eta Garbiñe Aranburu, Idazkari Nagusi izateko hautagaiak xehetasunak argitu dituzte.

Sindikatuak mobilizazioan kokatzen du burujabetza prozesurako «giltza» eta hala erakutsi nahi du Maiatzaren Lehenean. «Mobilizaziori eutsiko diogu instituzioak aldaketa prozesuaren zerbitzura jartzea lortu arte, gure etorkizunaren jabe egingo gaituen marko politikoa lortu arte» azaldu du Etxaidek.

Aurtengo Maiatzaren Lehena «testuinguru politiko berezian» iritsiko dela azpimarratu du Aranburuk, «garai berri bati ateak irekitzeko» baldintzak daudela nabarmenduz. «ETAren armagabetzea burutu den honetan euskal preso eta iheslarien etxeratzean urratsak emateko garaia da, elkarbizitzan aurrera egiteko momentua da, auzi politikoari benetako konponbidea emateko garaia da», gehitu dute.

Esparru sindikalean ere, garai berri bat irekitzeko ahaleginetan dabiltzala adierzi du. «Gure lehentasuna burujabetza prozesua martxan jartzea da. Hain zuzen ere, eredu ekonomiko eta sozial bidegabe hau errotik aldatzeko eta euskal sozialismoa eraikitzeko euskal estatu behar dugu eta burujabetza prozesua da helmuga horretara eramango gaituen bidea».

Era berean, «arlo instituzionalean, sozialean, zein sindikalean burujabetzaren alde iniziatiba berriak eta sendoak hartzeko momentua» dela deritzo LABeko Idazkari Nagusiak eta bide horretako mugarri izango da Maiatzaren Lehena LAB sindikatuarentzat.