NAIZ
DONOSTIA

Dispertsioarekin bukatzeko mobilizatzeko deia egin du Etxeratek

Ander Mujika euskal presoaren senideek joan zen ostegunean izan zuten istripua salatzeko elkarretaratzeak egin ditu Etxeratek Donostian, Gasteizen eta Bilbon. Sakabanaketa politikarekin amaitzeko mobilizaziorako deia egin du.

Donostian Etxeratek egin duen elkarretaratzea. (@EtxeratElkartea)
Donostian Etxeratek egin duen elkarretaratzea. (@EtxeratElkartea)

Etxeratek elkarretaratzeak egin ditu gaur arratsaldean Donostian, Bilbon eta Gasteizen (Iruñean atzo egin zuten), Ander Mujika presoaren senideek joan zen ostegunean Saint Martin de Re-ko espetxera zihoazela izan zuten istripua salatzeko.

Ezbeharra Bordele parean izan zuten preso donostiarraren gurasoek, anaiak eta bost urteko ilobak. Onik irten ziren, baina ezin izan zuten bidaia jarraitu.

Dispertsio politikak aurten eragin duen bosgarren istripua da, Etxeraten arabera.

Donostiako elkarretaratzean Etxerateko bozeramaileek sakabanaketak eragiten duen sufrimendua amaitzeko eskatu du eta espetxeetarako joan-etorrietan presoen senide eta gertukoek izan dituzten istripuetan hamasei lagun hil direla gogora ekarri du.

Alderdi politiko, sindikatu eta «gizarte osoari» dei egin dio mobiliza daitezen dispertsioarekin bukatzeko.