NAIZ
PARIS

Iganderako segurtasuna indartuko du Gobernu frantsesak Parisko erasoaren ondotik

Bernard Cazeneuve lehen ministro frantsesak adierazi duenez, Parisko erasoaren ondotik eta igandean egingo diren hauteskunde presidentzialen lehen itzuliaren atarian, segurtasuna indartuko dute. Polizia bat eta haren ustezko erasotzailea hil eta hiru lagun zauritu ziren Eliseo Zelaietan izan zen erasoan. Beste susmagarri baten bila ari dira.

Hollande buru zela bildu da Defentsa Kontseilu frantsesa. (Philippe WOJAZER/AFP)
Hollande buru zela bildu da Defentsa Kontseilu frantsesa. (Philippe WOJAZER/AFP)

François Hollande lehendakaria buru zela, frantziar Defentsa Kontseiluak urgentziazko bilera egin du gaur goizean eta atzo gauean Parisen izan zen erasoaren ondoren segurtasun neurriak areagotzea erabaki dute, igandeko hauteskundeei begira.

Bernard Cazeneuve lehen ministroak azaldu duenez, beste eraso edo atentaturen bat gertatuko balitz «erabateko erantzuna bermatzeko» unitate bereziak prest egongo dira eta, horretaz gain, 50.000 polizia, jendarme eta militar ibiliko dira hauteskundeen lehen itzulia normaltasunez igaro dadin.

Gobernuak ez duela «izuaren» aurrean etsiko ziurtatu du, eta batasunerako deia egin du.

Erasoa Parisko erdigunean izan zen, Eliseoetako Zelaietan. Auto batetik jaitsi zen pertsona batek polizia bat tirokatu zuen eta ondoren oinez ihes egin zuen, tiroka. Beste bi polizia eta emakume bat zauritu zituen, poliziek bera hil aurretik.

Estatu Islamikoak hartu du bere gain erasoa eta Abu Yusuf Al-Beljiki gisa identifikatu du egilea.

Poliziak uste du erasoan parte hartu zuen gizonak beste norbaiten laguntza izan zuela eta beste pertsona baten bila dabil, Pierre-Henry Brandet Barne Ministeritzako eledunak azaldu duenez. Belgikako agintariek identifikatu dutela esan du.

Kanpaina, bertan behera

Erasoaren ondotik, hautagaiek bertan behera utzi dituzte gaurko aurreikusiak zituzten mitinak.