Datorren denboraldian Europan lehiatzeko ahaleginean bata, mailaz ez jaisteko borrokan bestea; zelaian, baina, berdintasuna. Hala izan da larunbat eguerdi honetan Realak eta Granadak Anoetan jokatu duten neurketa (2-1).
Bestelakorik espero bazen ere, agintea partekatua izan da neurketaren lehen ordu erdian. Bi taldeak gerturatu dira talde aurkariaren atezainaren inguruetara, baina gol aukera garbirik sortu gabe. Abiadura motela izan du neurketak lehen zatian, eta horretan eroso aritu dira bisitariak.
Atsedenaldia iristear zela, baina, Oyarzabalen baloi bat jaso eta etxekoak markagailuan aurreratzea lortu du Velak. Bat eta huts aurretik jarrita, txuri-urdinek neurketaren kontrola irabaziko zutela espero zen. Baina ezta gutxiagorik ere.
Bigarren zatia hastearekin batera arrisku gehiago sortuz hasi dira iristen bisitariak Rulliren ate ingurura, harik eta Ramosek 65. minutuan banakoa egin duen arte. Gola jaso ostean bai, Realak bestelako erreakzio bat izan du eta neurketa irabaztera jo dute Eusebiorenek.
Berandu iritsi da gola, 83. minutuan, Juanmiren bidez. Balioa, baina, bera; hiru puntuak etxean geratu dira. Hala, seigarren postua berreskuratu du Realak, 61 punturekin, eta Lehenengo Mailari agur esan dio Granadak.
Errepasatu neurketak utzi dituen xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.