NAIZ
BILBO

Asier Villalibrek Numantzian jokatuko du denboraldia bukatu arte, Athleticek utzita

Athleticek eta Numantziak lortutako akordioa dela medio, Asier Villalibre aurrelariak Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldean jokatuko du denboraldi bukaerara arte.

Denboraldia bukatu arte Numantzian jokatuko du Villalibrek. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Denboraldia bukatu arte Numantzian jokatuko du Villalibrek. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Bigarren Mailako azken sei jardunaldietan Jagoba Arrasateren Numantzian jokatuko du Asier Villalibrek, Soriako taldea eta Athetic akordio batera iritsi eta gero.

Lagapen honi oniritzia eman diote Ligako arduradunek Numantzia taldeko Jairo Morillasek lesio larria duelako. Apirilaren 3an Sevilla Atleticoren aurkako neurketan min hartu zuen eta ebakuntza ere egin behar izan diote. Zelaietatik urrun bost bat hilabete eman beharko dituela kalkulatzen dute.

Hala, Villalibre (Gernika, 1997/9/30) astearte honetan bertan jarri da Arrasateren aginduetara. Bihar goizeko lan saioaren ondoren aurkeztuko dute, 12.45 aldera.

Elastiko zuri-gorriarekin, Eibarren aurka egin zuen debuta Lehen Mailan, iazko abenduaren 4an. Lau egun beranduago, Rapid Vienaren aurka Europa Leaguen jokatu zuen estreinako partida.