NAIZ
IRUN

Irunen asteburuan eraso LGTBI+fobikoa izan zela salatu du Gazteria Kontseiluak

Joan den asteburuan gizon gazte bat eraso LGTBI+fobiko baten biktima izan zen Irungo taberna baten atean zegoela, Gazteria Kontseiluak (EGK) salatu du. «Ez da lehen aldia azken urte honetan zehar LGTBI+ kolektiboko norbait erasotua dela Irunen eta arazoa iritsi da ere gazteen artera», gaineratu du.

Gauzak horrela, egoera sakonki aztertu dadila eta beharrezkoak diren neurriak har daitezen eskatu du EGKk.

«EGKtik, lehenik eta behin, gure elkartasuna adierazi nahi diogu erasotua izan den pertsonari eta salaketa egiteko bere ausardia txalotu. Era berean, 2017an indarkeria LGTBI+fobikoari aurre egiten eragile bat gehiago izaten jarraitzeko gure konpromisoa adierazten dugu», gaineratu du.

«Oraindik ere gazterian hain larri eta latza den indarkeria LGTBI+fobikoa ematea guztiz onartezina deritzo Kontseiluak eta honen aurka egitea guztion erantzunkiduna dela gogorazi nahi dugu», erantsi du.

«Hau dela eta, gertatutakoaren salaketa honen bitarteza Gazteriaren Kontseiluak gazterian ere ematen den LGTBI+fobia salatu eta aniztasuna ez soilik onartua, baizik eta bermatua eta sustatua den gazteriaren eraikuntzan bere konpromisoa berretsi du», aldarrikatu du.