Arratsaldeko 17.00ak aldera hasi da elkarretaratzea Sabin Etxean, Bilbon, eta hamarka gaztek erantzun diote Ernairen deialdiari.
Elkarretaratzean parte hartu duten gazteek «PPNV, iruzurrik ez», «PPNV, atado y bien atado» eta «Gazteok haustura» zioten kartelak erakutsi dituzte.
Era berean, «Euskal Herria ez dago salgai» edo «Urkullu, Rajoy, berdin da» bezalako oihuak egin dituzte EAJren egoitza nagusiaren atarian bildutakoek. Independentziaren aldeko aldarriak ere entzun ahal izan dira.
Elkarretaratze honekin, jeltzaleek PPren Gobernuaren aurrekontuak babestu izana gaitzetsi nahi izan du gazte antolakundeak.
Azken egunotan, hainbat batzokitan margoketak ere egin dituzte akordio hori kritikatuz. «Dime con quién andas y te diré quién eres» esaldia da margoketa horietan agertu dena.