NAIZ
BRUSELA

Juncker eta Tuskekin bilduko da Trump maiatzaren 25ean Bruselan

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko lehendakaria eta Donald Tusk Europako Kontseilukoa Estatu Batuetako presidente Donald Trumpekin bilduko dira Bruselan heldu den maiatzaren 25ean, Europako Batasunaren eta AEBen arteko harremanak jorratzeko.

Donald Trump Estatu Batuetako presidentea, New Yorken. (Brendan SMIALOWSKI/AFP)
Donald Trump Estatu Batuetako presidentea, New Yorken. (Brendan SMIALOWSKI/AFP)

Donald Trump Bruselara joango da heldu den maiatzaren 25ean, NATOren goi-bileran parte hartzeko. Bisitar hori aprobetxatuta, Estatu Batuetako presidentearekin bilduko dira Europako Batzordeko eta Europako Kontseiluko lehendakariak, Jean-Claude Juncker eta Donald Tusk, hurrenez hurren.

Hala baieztatu du Europako Batzordeko bozeramaile Mina Andreevak bere twitter kontuan. Bileraren tokia eta ordua zehazteke daudela adierazi du. 

Hiru agintariek Europa eta AEBen arteko harremanak izango dituzte hizpide eta «gai ugari» jorratuko dituzte, Andreevak azaldu duenez.

Atzerrira egingo duen lehen bidaia

Bruselara egingo duen bisita Trumpek, urtarrilean lehendakari izendatu zutenetik, atzerrira egingo duen lehen bidaiaren parte izango da. Lehenengo geldialdia Saudi Arabian egingo du. Handik Jerusalemera joango da, eta maiatzaren 24an Vatikanon izango da, Aita Santuarekin biltzeko.

Europako Batasuneko bi buruzagiekin bildu ondoren NATOren goi-bileran parte hartuko du Trumpek eta handik Italiara joango da G7 taldeak Sizilian egingo duen gailurrean parte hartzeko, hilaren 26 eta 27an.