NAIZ

Euskal Herrian Estatu frantsesean baino alde askoz ere handiagoa atera dio Macronek Le Peni

Emmanuel Macron erraz gailendu da Euskal Herrian bigarren itzulian, eta Estatu frantseseko emaitzekin alderatuta are eta tarte handiagoa atera dio Marine Le Pen Front Nationaleko hautagaiari.

Macronen jarraitzeileak, Baionan. (Aurore LUCAS)
Macronen jarraitzeileak, Baionan. (Aurore LUCAS)

Lehen itzulian joera argi azaldu zen. En Marche!-ko hautagaia izan zen bozkatuena Euskal Herrian duela hamabost egun, eta euskal lurraldeetan laugarrena izan zen Marine Le Penekin batera pasa zen bigarren itzulira. Frantziako presidentea hautatzeko bigarren itzulian ez zegoen, beraz, sorpresarako tarterik, Estatu frantsesean baino ahulagoa baita Le Pen Euskal Herrian.

Estatu frantsesean garaileak %65 inguru lortu du eta galtzaileak %35 inguru, azken emaitzen zain. Euskal Herrian, aldiz, herriz herri iristen ari diren datuen arabera, Macron %75etik gora ari da lortzen leku gehienetan.

Le Penek ez du herri bakar batean ere irabazi, lehen itzulian batean irabazi zuen bitartean: Zuberoko Etxarrin. Bigarren honetan, baina, Macronek irabazi du hor ere.