NAIZ

Gaixotasun larriak dituzten presoei buruzko mozioa eztabaidatuko da bihar Madrilgo Kongresuan

Gaixotasun larriak dituzten presoen inguruko mozioa eztabaidatuko da bihar Kongresu espainiarrean, EH Bilduren ekimenez. Indarrean dagoen Estatuko eta nazioarteko legedia betetzeko eskatzen dio mozioak Gobernu espainolari.

Gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna aldarrikatu zuten milaka lagunek larunbatean Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna aldarrikatu zuten milaka lagunek larunbatean Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

EH Bilduren ekimenez, gaixotasun larriak dituzten presoen egoerari buruzko mozioa eztabaidatu eta bozkatuko da bihar Kongresuan.

Marian Beitialarrangoitia diputatuak aurkeztutako testuan jasotzen denez, gaur egun larri gaixo dauden hainbat euskal preso daude baina legearen aplikazio murriztaile baten ondorioz baldintzapeko askatasuna eskuratzea edo espetxealdi arindua lortzea eragotzi egiten zaie. Beren gaixotasunen larritasuna eta kartzelan egotea bateraezinak direla nabarmentzen da mozioan.

Osasuna, eskubide unibertsala

Osasuna eskubide unibertsala izaki, baita preso dauden pertsonentzat ere, Estatu espainoleko nahiz nazioarteko legediak espetxe politika malgutzeko bitartekoak badituztela gogora ekarri du koalizioak, preso horiek bizi baldintza hobeak izan ditzaten eta beren gaixotasunari dagokion tratamendu duina jaso dezaten. Horretarako «jarrera gizatiarra» edukitzea besterik ez da behar, koalizio abertzalearen iritziz.

Hori guztia kontuan hartuta, EH Bilduk zera proposatzen dio Kongresuari: espainiar agintari eskudunei eska diezaiela gaixotasun larriak dituzten presoei buruzko erabakiak hartzerako orduan kontuan izan dezatela indarrean dagoen Estatuko eta nazioarteko legedia.