«Osasuna bai, errausketarik ez», «erraustegia, ustelkeria» eta antzeko oihuak bota dituzte Zubietarako bidea hartzen den biribilgunean egin duten elkarretaratzean bildu direnek. Erraustegiaren aurkako Mugimenduak deitu du protesta eta herritar ugari bildu dira, 120tik gora bai, tartean EH Bildu eta Podemos taldeetako batzarkideak.
"Osasuna bai, errausketarik ez" oihuei bozinekin erantzuten diete kotxe gidari eta kamioilari batzuek, ukabila altxata zenbaitek pic.twitter.com/R5i1cC9H7u
— Maider Iantzi (@gara_miantzi) May 10, 2017
Agintariak zeramatzan autobusa bildutakoen aurretik igaron denean, txistu eta oihuak entzun behar izan dituzte. Bertze autobus, auto eta kamioi ugari ere pasatu dira biribilgunetik eta aunitzek bozina joz egiten dute bat elkarretaratzearekin, ukabila altxatuz ere bai zenbaitek.
Jendarteari lekua egiteko eskatuz
Iban Asenjo EH Bilduko batzarkideak gaitzetsi duenez, EAJ eta PSEren Aldundiaren «beste inposaketa bat» da hau. «Guk nahiago dugu auzi larri hau adostasunaren bitartez konpontzea. Nafarroara begiratzea baino ez daukagu ikusteko beste alternatiba batzuk badirela, adostasuna jorratzea posible dela, denon artean eta denontzat. Gure udalak 35 urtetan zorpetuko dituen irtenbide bat ez da inondik inora erakargarria», azpimarratu du.
Maria Valiente Podemoseko batzarkidea ildo beretik mintzatu da: «Hemen gaude erakusteko gizartean badirela bi talde, alde batetik gobernuaren alde edo gobernuan daudenak, eta bestetik, hitz egitea eta partaidetza prozesu bat hastea nahi dugunak, gizarteak zer nahi duen jakiteko. Gizartearen zati handi batek prozesu hau egin nahi du, informazio onarekin eta ez gobernuaren inposaketa batekin. Honek gehiengo oso eskasa du, gainera. Bi blokeen arteko aldea gehienez bost ordezkarirena izango litzateke. Hortaz, gizarteari lekua eman behar zaiola uste dugu».
Ekonomiaren kudeaketa, pribatizatuta
Kepa Olaiz Erraustegiaren aurkako Mugimenduko kideak agertu du hamalau urteren ondotik, hamaika ekintza, parodia, jardunaldi, hitzaldi eta protesta eta gero, publikoki erran dietela erraustegiaren obrak hasiko direla. «Adierazi nahi dugu ez gaudela ados. Momentu oso garrantzitsuan gaude, bidegurutze batean. Frogatu da Gipuzkoan alternatibak badaudela eta horiekin ez genukeela erraustegirik beharko. Horrela salbatuko genuke bai ingurumena bai jendearen osasuna eta bai ekonomia».
Salatu duenez, pauso garrantzitsu bat ematen du Aldundiak proiektu honekin aitzinera eginez: «Ekonomiaren kudeaketa pribatizatzen du. Enpresa batzuen esku uzten dute eta horrek Gipuzkoako biztanle guztiak hipotekatzen ditu».
Gipuzkoarrei zera erran nahi diete: «Garaiz gaude, mugitu egin behar dugu. Politikariek egoera berri bat dela esaten dute, baina beren formatu eta ekinbideak zaharrak dira, ez dute parte-hartzea bultzatzen eta galdeketarik egiten. Hamalau urte pasatu dira eta ez dute partaidetza prozesurik ireki».
Hurrengo urratsak
Erraustegiaren aurkako Mugimenduak aitzinera segituko du protestekin. Data inportante bat jarri du: datorren maiatzaren 27a. Egunpasa eginen dute Zubietako inguru horretan. «Bi hitzaldi potente izango ditugu: Sustrai elkarteko kide bat Nafarroako egoerari buruz arituko da. Bertan, prozesu parte-hartzaile baten bidez erabaki dute erraustegirik ez egitea eta bilketa eta kudeaketa egokiaren bidea hartzea. Bestetik, Madrilen ere badago mugimendu bat Valdemingomez errauste plantaren inguruan, eta bertako lagun bat ere etorriko da».
Herri bazkaria ere antolatu dute, bertsolariak, musika… «Hori da gure formatua eta horretan jarraituko dugu. Esperantza? Egunetik egunera itxiagoa dago, gure politikariek ez dutelako aldaketarik egiten, ez dute entzuten, ez dute kontakturik ez gurekin, ez Gurasosekin, ez sendagileekin, inorekin ere ez hamalau urteotan. Eskandalua sortu behar duena hori da eta ez zenbait hankasartze edo formatu beharbada denok ez gaudenak ados. Arazoa dagoen tokian jarri beharra dago: errauskailuaren proiektu munstro hau berria da Gipuzkoa osoan, 35 urterako egiten dutena, eta zer gutxiago galdeketa, parte-hartze potente bat bideratzea baino. Ez badugu honekin egiten, zerekin egingo dugu?».