Bakea eszenatoki eskuragarria izan dadin lanean jardun den sindikalista abertzaletzat jo du Arnaldo Otegik Rafa Diez, azken hau preso dagoen El Dueso espetxeko atarian grabatu eta Twitter bidez zabaldu duen bideoan.
Diez ‘Bateragune’ auziarengatik dago espetxean. Kausa honetan Otegi bera eta Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta ere espetxeratu zituzten.
Duela egun gutxi PSEko Patxi Lopezek kartzela horretara bisita egin zuen Ramon Rubial espetxeratu zutela gogoratzeko. «Gaur gu Gobernu sozialista baten pean Rafa Diez eta beste batzuk kartzelaratuak izan ginela ekartzen dugu gogora», adierazi du Otegik.
Euskal preso politiko guztien askatasuna ere eskatu du Otegik, duela 75 urte bere amak El Duesoko espetxera anaia bisitatzera joan behar izan zuela gogoratu ondoren.
Orain dela 75 urte nire amak bere anaia bisitatu zuen espetxe honetan. Gaur Rafa Diez ikustera etorri gara. #RafaAskatu #FreeThemAll pic.twitter.com/adzw3eoGaV
— Arnaldo Otegi (@ArnaldoOtegi) 12 de mayo de 2017