NAIZ
IURRETA

Marta Bastianellik irabazi du Emakumeen Biraren lehen etapa

Marta Bastianelli (Alle-Cipollini) italiarrak eskuratu du garaipena Emakumeen Biraren lehen etapan eta sailkapen nagusiaren buruan jarri da.

Marta Bastianelli izan da azkarrena Iurretako helmugan. (ARGAZKI PRESS)
Marta Bastianelli izan da azkarrena Iurretako helmugan. (ARGAZKI PRESS)

Emakumeen Biraren lehen etapa egin dute gaur txirrindulariek, Iurretan hasi eta Iurretan bukatuta, 50 kilometroko ibilbidearekin.

Berrogei bat txirrindulariko taldea elkarrekin iritsi da helmugara eta Alle-Cipollini taldeko Marta Bastianelli italiarra izan da azkarrena esprintean.

Gracie Elvin australiarra (Orica-Scott) sartu da bigarren postuan eta haren atzetik Katie Archibald britainiarra (Team WNT), hirugarren.

Helmugan lortutako sariei esker, Bastianellik lau segunduko aldea du sailkapen nagusian Archibaldekiko eta sei segundukoa Elvinekiko.

Ane Santesteban gipuzkoarrak segundu bateko saria eskuratu du Miotako esprintean hirugarren izan delako eta sailkapen nagusian seigarren postuan kokatu da.

Bihar, Markina-Markina

Bihar bigarren etapa egingo dute txirrindulariek, Markina-Xemeinen hasi eta bukatuta, 90,2 kilometroko ibilbidearekin.