Berezkoa du aparta izatea Hatortxu Rockek baina aurtengoa ezohikoa izango da jaialdiarentzat ere. Lakuntza musikaren, jaiaren, elkartasunaren eta giro onaren topaleku bilakatuko da lau egunez. Hitzordua baliatuz, gainera, jaialdiak berak jauzi kualitatiboa emango du aurten musika eskaintzari eta zerbitzuei dagokionez.
Hatortxuren aurkezpena abian, jaialdiko arduradunek eta NAIZek eta GARAk elkarlan akordioa sinatu berri dute.
NAIZ GUNEA: Lasaitzeko, informaziorako eta indarrak hartzeko eremua
Antolakuntzak dezenteko lana hartu du jaialdia erosoa izan dadin, jasangarria eta kalitatezkoa. Horretarako, eskena eta kontzertuez gain, NAIZ GUNEA bezalako espazio berriak izango dira. Zerbitzu gune bat izango da lau eguneko zorabioari lasai heltzeko, kafe bat hartzeko itzaletan, mugikorra kargatu eta jana eta higienerako produktuak erosteko. Gune honetan izango da, gainera, kafetegia eta bertan hitzaldi eta mahai inguruak antolatuko dira.
Jaialdiaren jarraipen bereziaz gain, NAIZek egunero jaialdiaren egunkari ofiziala inprimatuko du. Hatortxuk emandakoaren berri jasoko du egunkariak, baita eguneko agenda eta Hatortxu Rock 20-ren ekitaldien mapa ere.
HATORTXU X NAIZ = NAIZ X HATORTXU
Hatortxu eta NAIZ eta GARAren arteko akordioaren bitartez, gainera, harpidetza eskaintza berritzailea abiatu berri da, jaialdira joango direnen kopurua eta harpideena bikoiztu asmo dituena kolpe berean.
NAIZen harpidetza orain egiten duenak lau eguneko bonoa jasoko du. Bestalde, jaialdiko bonoa internet bidez erosiko duten denek hedabide honen doako harpidetza jasoko dute eta aktibo izango dute 2017ko uztailaren 31 bitarte.
Egungo harpideek ere badute aukera debalde bonoa lortzeko. Eposta bidez jaso dute, dagoeneko, azalpena. Maiatzaren 1etik aurrera lagun bati NAIZ/GARA harpidetza bat egiteko gonbidapena luzatuta jaso ahalko dute lau eguneko sarrera.