Altsasuko Gaztetxeak, Ernaik eta Ikasle Abertzaleak taldeak deiturik Soto Del Realeko espetxera martxa egin dute gaur ehun gazte inguruk. Ohar bidez egin dute salaketa, «urte erdi pasa dute jada Jokin, Adur eta Oihanek bidegabeko espetxealdi honetan», goizean goiz Altsasutik irten eta eguerdiran Madrilgo espetxean egin dute protesta. Gaurko mobilizazioan Altsasuko pasa den udazkeneko gertakariengatik auzipetu dituzten gazte guztiei ere euren babesa adierazi nahi izan diete.
Dantza herrikoiak, elkarretaratzea eta espetxearen inguruan martxa aldarrikatzaile bat egin dituzte. Salaketa pankartak eta hiru gazteen aurpegiak zeramatzaten panelak erakutsi dituzte. «Sistemaren sostengatzaileek beldurrez eta kolpez geldituko gaituztela uste dute, baina oker daude», adierazi dute.
Espainiako Auzitegi Gorenak eskuduntza Auzitegi Nazionalaren eskutan utzi izana ere salatu dute. Orain arte Altsasun eta inguruan auzi honetan izan den herritarren erantzuna «pozik egoteko modukoa» dela nabarmendu dute eta errepresioaren aurka lan egiteko deia egin dute hedabideei igorritako oharrean: «Ozen esan nahi diegu, guk aske bizitzeko erabakia hartu dugula eta gu itotzeko asmatuko dituzten trikimailuen aurrean erantzun eta borrokan jarraituko dugula herri aske bat lortu arte».