NAIZ
ONDARROA

Kamiñaldeko lanak gauzatzeko jasotako diru-laguntzekin plana ari da osatzen Ondarroako Udala

Erakunde guztiek argitu dute Kamiñaldeko lanak gauzatzeko jarriko duten diru kopurua. Hori hala, diru-laguntzak bideratzeko plana osatzeari ekin dio Ondarroako Udalak.

Ondarroako Kamiñaldeko lanen artxiboko irudi bat. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Ondarroako Kamiñaldeko lanen artxiboko irudi bat. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Lakuako Gobernuak 1,2 milioi euro jarriko ditu Kamiñaldeko lanak gauzatzeko; Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, milioi bateko diru-laguntza eta 2 milioi euroko mailegua eskaini dizkio Ondarroako Udalari, UdalBarriak webgunean aditzera eman duenaren arabera.

Mailegua 10 urtetan itzuli beharko dio, eta diru-itzulketaren baldintzak zehazten dihardute orain bi aldeek. Ondarroako Udalak, egoera ekonomiko estuak medio, honako baldintzak proposatu ditu: «Maileguaren itzulpena 2020. urtera arte ez hastea, udal kutxa negatiboan egongo balitz maileguaren ordainketa atzeratzeko aukera eta Aldundiak herrietan martxan jarriko dituen proiektuen artean Ondarroako herriari lehentasuna ematea».

«Herrian premiazkoak diren proiektuak garatzeko» ezinbesteko baldintzak direla adierazi du Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak, orotara 4 milioi euroko mailegua baita Udalak Kamiñaldeko mendi magaleko lanak ordaintzeko eskatu behar izan duen mailegua: «Ondarroako herria da Kamiñaldeko kaltetu zuzena, herriarentzat garrantzia duten hainbat proiektu egin barik geratuko direlako».

Jasotako diru-laguntzekin, beraz, mendiko lanen bigarren fasea martxan jartzeko kronograma baten osaketan dihardu Udalak. «San Ignazio kaleko bizilagunak etxera ahal bezain azkar itzultzeko mendiko lanen gestioak azkartu behar ditugu», adierazi du Bedialaunetak. Hala ere, ari dira pixkanaka bizilagunak euren etxeetara itzultzen: «Bizilagun guztiak etxera itzuli arte lanean jarraitu behar dugu».