NAIZ
DONOSTIA

Salbuespeneko espetxe politika amaitzea eskatu du Etxeratek istripu berri baten ondoren

Asier Ormazabal euskal presoaren lagunek joan den asteburuan Terueletik bueltan izan zuten istripua salatzeko agerraldia egin du gaur Etxeratek Donostian. Beste behin salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzea eskatu dute.

Donostiako Antigua auzoan egin du agerraldia Etxeratek. (ETXERAT)
Donostiako Antigua auzoan egin du agerraldia Etxeratek. (ETXERAT)

«Benetan uste duzue prest egongo litzateke euskal gizartea salbuespeneko politika mantentzearen eraginez beste hildako bat onartzeko?», galdetu dute agerraldian.

«Dispertsio politikaren defendatzaile eta kudeatzaileek, behin eta berriz errepikatzen dute politika honek bere fruituak eman dituela. Kasu honetan, fruitu horiek zauritutako bi pertsona direla esan nahi diegu. Derrigorrez egin behar dituzten bidaien ondorioak pairatu dituzten bi pertsona, eta, beraien bizitza eta segurtasuna jokoan jarriz, arriskuak hartu eta inposatutako baldintza batzuetan ibiltzea kondenatuak direlarik», adierazi dute.

Asier Ormazabal euskal preso politikoaren bi lagunek ezbehar larria sufritu zuten joan zen larunbatean Teruelgo espetxetik itzultzean, Longares inguruan, Zaragozatik gertu. Bi lagunak zauriekin ospitaleratuak izan ziren, eta 24 orduz obserbazio arretan egon ondoren istripuaren inpaktu altuarengatik, etxera itzultzeko aukera izan zuten igandean. Diagnostikoak istripuaren larritasuna ageriko uzten du: 5 puntuko sutura ukalondoan, polikontusionismoak, ebakiak, zerbikalen zuzenketa eta lepokoa jartzea.

«Senideek derrigorrean inposaturik euren bizitza eskubidea gauzatzeko egin behar dituzten bidai luzeen osteko urteko seigarren ezbeharra da hau. Otsailak 11, Premin Sanpedroren senideek istripua izan zuten Jaenetik bueltan; egun hortan bertan, Iñaki Arakama presoaren senide eta lagunek beste kotxe istripu bat sufritu zuten Salamanca aldean, Sevillan bisita egin ondoren; martxoaren 11an Picassent-eko espetxean dagoen Asier Badiola euskal preso politikoa ikusi eta gero, bi lagunek istripua izan zuten Valentzian; apirilaren 2an Murtziako espetxean Mikel San Sebastian bisitatu ondoren, lagun batek kotxe istripua sufritu zuen Oiartzunen; eta apirilaren 13an Saint Martin de Ré espetxean dagoen Ander Mujika preso donostiarra ikustera zihoaztela senideek auto istripua sufritu zuten Burdeos inguruan», gogoratu dute.

«Dispertsioa biktima berrien zain da. Duela 28 urte diseinatu zeneko biolentzia bera aktibo mantentzen duen espetxe politikak, orain arte sortu dituen zigorgabetasun berdinarekin, biktima gehiago gehitu ditzakeelako. Dispertsio politikaren arduradunek jakitun dira, samina eta xantaia instrumentu bezala diseinatu baitzuten; eta guk ere aski badakigu, gure osasunarekin ordaintzen dugulako, eta 16 aldiz, gure bizitzarekin ordaindu izan dugulako ere», salatu dute.

ETAren suetana eta armagabatzea eman badira ere, Estatu espainol zein frantsesak salbuespeneko espetxe poltika mantentzen dutela salatu dute. «Bitartean, datorren ostiralean, etzi, gutariko ehunka persona, aita-ama, seme-alaba, bikote eta lagun arriskuak hartzera derrigortuak izango gara beste behin ere. Etzi, astebururo bezala, dispertsioak fruitu berriak bermatuko ditu: kalte fisikoak, psikikoak, ekonomikoak. Berdin zaie espainiar zein frantziar agintariei, berdin zaie espainiar eta frantziar gobernuei, borondate osoz, preso eta senideengan sufrimendua eragin nahi baitute. Hori da behin eta berriro isladatzen dutena», erantsi dute.