NAIZ
Altsasu

Oihan Arnanz eta Adur Ramirez de Aldaren lekualdatzeak salatuz kalera atera dira berriz Altsasun

Altsasuko hiru gazteetatik bi lekuz aldatu izanak kalera atera ditu enegarrenez herritarrak. Manifestazioa egin dute igande honetan herriko kaleetan eta deialdi berri baten berri ere eman dute: hilaren 14an, atxiloketak eman zirela zazpi hilabete egingo direnean, mural bat osatuko dute Iortia plazan.

2.500 pertsona inguru batu dira Altsasuko manifestaziora. (NAIZ.EUS)
2.500 pertsona inguru batu dira Altsasuko manifestaziora. (NAIZ.EUS)

Enegarren aldiz atera dira kalera Altsasun, atxilo jarraitzen duten hiru gazteei elkartasuna erakutsiz. Azken asteotan aipatu gazteen aurkako hainbat neurri hartu dituzte, eta horiek salatu dituzte igande eguerdi honetan egin duten manifestazioan.

Duela astebete isolatua izan zen Adur Ramirez de Alda, eta orain Aranjuezera eramana izan da; Oihan Arnanz, berriz, Navalcarnerora lekualdatu dute. Mugimendu hauek urrunketan sakontzen dutela adierazi dute manifestazioaren osteko ekitaldian.

Lekualdatzeek hainbat ondorio dituztela azaldu dute: bisita-araudi berriak, ordutegiak, idazteko helbideak, haien artean bananduago egotea... «Sufrimendua handitzeko beste ahalegin bat da, hori da euren 'modus operandi'-a», salatu dute.

Jazotzen ari dena muntai polizial, judizial, mediatiko eta politikoa denaren ideia azpimarratu dute, baina egoera honek gazteen inguruan eratu den elkartasun mugimenduan ez duela eragingo adierazi dute: «Muntaia hasi zenetik bide zuzen eta sendo bat eraikitzen joan gara eta jarraituko dugu».

Bide horretan mobilizazio berri baten berri eman dute: hilaren 14an, gazteak espetxeratu zituztela zazpi hilabete egingo direnean, mural bat osatuko dute Iortia plazan, 19.00etatik aurrera.