NAIZ
GASTEIZ

Gasteizen azken asteotan eraso homofoboak izan direla salatu du Sare Transbollomarikak

Gasteizko Sare Transbollomarikak salatu duenez, azken asteotan hiriko LGTBI kolektiboaren aurkako erasoak izan dira, fisikoak zein ahozkoak. Udaltzaingoak biktimekiko «tratu egokia» ez duela izan adierazi du eta elkarretaratzea deitu du asteazken arratsalderako.

Homofobia, lesbofobia eta tansfobiaren aurkako protesta maiatzean, Donostian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Homofobia, lesbofobia eta tansfobiaren aurkako protesta maiatzean, Donostian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Gasteizko Sare Transbollomarikak azaldu duenez, azken asteotan gizonekin sexua duten gizonentzako, gayentzako eta bisexualentzako topaleku eta asiriako diren hainbat gunetan erasoak izan dira, fisikoak zein ahozkoak.

«Hainbat pertsonen askatasun sexualaren jardunerako eskubidea urratuz dabiltza zehaztu gabeko zenbait gizabanako, tartean jarraipenak eta jipoiak jazo direlarik», salatu du.

Eraso horiek pairatu dituztenekiko Udaltzaingoak «tratu egokia» ez duela izan ere gaitzetsi du Sare Transbollomarikak. Talde honen iritziz, «norbanako batek eraso bat pairatzen duenean, ez du zertan azaldu erasotua izan den lekuan zertan ari ote zen» eta erasoa jasan duen pertsonarekiko «asistentziak beharko luke garrantzitsuena, erasoaren larritasunarekin eta motibazioarekin batera». Eraso homofoboak izan direla «begibistakoa da», erantsi du.

Elkarretaratzea etzi

Sare Transbollomarikak nabarmendu duenez, hauek ez dira izan azken asteotan Gasteizen LGTBI kolektiboaren aurka izan diren eraso bakarrak eta, honen guztiaren aurrean, heldu den asteazken arratsalderako elkarretaratzea deitu du Andra Mari Zuriaren plazan, 19.30ean, «eraso hauek guztiak salatzeko eta gure hiriko kaleetan gorrotoak kabidarik ez duela argi uzteko».