NAIZ
GASTEIZ

Irailetik aurrera mobilizazio gehiago iragarri dituzte ELA, LAB eta Steilasek EAEko irakaskuntzan

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek EAEKo unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta haurreskoletan greba eta mobilizazio gehiago egingo dituzte, Lakuako Gobernuak ez duelako «benetako negoziazio asmorik agertu egungo eskola publikoaren eta bertako langileen egoera hobetzeko».

ELA, LAB eta Steilaseko ordezkariek Gasteizen egin duten agerraldia. (ARGAZKI PRESS)
ELA, LAB eta Steilaseko ordezkariek Gasteizen egin duten agerraldia. (ARGAZKI PRESS)

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek agerraldia egin dute Gasteizen, ekainerako eta heldu den ikasturtetik aurrera antolatu duten greba eta mobilizazio dinamikaren berri emateko.

Gogoratu dutenez, azken hilabeteotan EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta haurreskoletan hainbat greba eta mobilizazio egin dituzte langileen lan baldintzak hobetu, murrizketak salatu eta Lakuako Gobernua «inposatzen ari den» hezkuntza politika «errotik» alda dadila aldarrikatzeko, eta deialdiek «babes oso zabala» jaso duten arren, ikasturte bukaera iritsi den honetan «Eusko Jaurlaritzak ez du benetako negoziazio asmorik agertu egungo eskola publikoaren eta bertako langileen egoera hobetzeko».

Hori dela-eta, ekainean zehar eta irailetik aurrera greba eta mobilizazioekin jarraitzea «beste biderik ez» dutela nabarmendu dute.

Azaldu dutenez, ekainean ikastetxeetan eta hezkuntza ordezkaritzetan elkarretaratzeak egingo dituzte; hala, hilaren 29an Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan hezkuntza publikoaren egoera eta beharren inguruko word-kafea antolatu dute.

Itxialdiak, eskolak kalean, hitzaldiak, antzezlanak...

Ikasturte hasierarekin, berriz, ostiralero kontzentrazioak egingo dituzte ikastetxeetan eta bestelako dinamikak ere bultzatuko dituzte: eskolak kalean eman, murrizketen eragin eta ondorioak landu eta «ekintza alternatiboak» guraso eta ikasleekin batera.

Urrian itxialdiak egingo dituzte ikastetxeetan eta horrekin batera hitzaldiak, antzezlanak, kontzertuak eta beren aldarrikapenak landu eta sozializatzeko hainbat ekimen.

Azaro eta abendurako bi greba egun iragarri dituzte irakasle, heziketa berezi, sukalde eta garbiketa eta haurreskoletan.

ELA, LAB eta Steilasek esan dutenez, familia eta herritarrekin «lanketa berezia» egingo dute eta azaroan hiru hiriburuetan elkarrekin beste mobilizazio bat antolatzeko asmoa adierazi dute.

Agerraldian ohartarazi dutenez, Hezkuntza Sailak lan baldintzak hobetzeko eta hezkuntza sistemaren «oinarrizko zeregina bermatzeko funtsezkoak diren beharrei» erantzuten ez badie, mobilizazioekin jarraituko dute.