Espetxeen transferentzia premiazkoa izanik, Euskal Estatua sortze bidean ere bai, EH Bilduk argi du Gasteizko Parlamentuak jada hasi behar duela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako espetxe politika propioa lantzen eta diseinatzen, horren inguruko eskumenaren transferentzia gauzatzen denean aplikatu ahal izateko. «Une hori iristen denean ezin dugu Estatutik datorren eredua aplikatu, ez dugu nahi, eta hori ekiditeko ezinbestekoa da plan bat edukitzea», Jone Goirizelaiak adierazi duenez.
Hau da EH Bilduk bihar bertan Gasteizko Parlamentuko Osoko Bilkuran eskatuko duena, batzorde parlamentarioa eratu dadila «espetxeen transferentziaren ondoren aplikatu beharko den espetxe politika aztertu eta diseinatzeko». Goirizelaiak azpimarratu duenez, lan hori eskumena lortu aurretik egin behar da ezinbestean gizarte zibilarekin batera. «Bestela, Estatutik datorkigun eredu bera aplikatzen jarraitu beharko genuke», abisatu du.
Goirizelaiak berak, Larraitz Ugartek eta Julen Arzuagak osatu dute Kataluniako espetxe politika aztertzeko Bartzelonan izan den EH Bilduren ordezkaritza, eta bertan EAEra inportatzeko moduko elementuak topatu dituzte, lehenik eta behin eredu propioa lehenbailehen, transferentzia gauzatu aurretik, diseinatu beharra.
Goirizelaiak azaldu duenez, espetxe sistema propioa sortzeari begira, oinarrizkoa da gizarte zibilak, giza eskubideen aldeko erakundeek, parte hartzea espetxe politikaren diseinuan eta egikaritzean. «Katalunian ikusi dugu gizarte zibilaren parte-hartzeak aldaketak eta eztabaida garrantzitsuak ahalbidetu dituela, presoen isolamendu erregimenaz, esaterako», esan du.
EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, transferentziaren ostean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan aplikatuko den espetxe sistemak ondorengo oinarriak izan beharko ditu, besteak beste: giza eskubideak bermatzea, funtsezko eskubideak segurtasunaren menpe ipini gabe; espetxeratzetik haragoko neurri alternatiboak garatzea, kartzela azkeneko irteera izan behar delako, eta politika sozialak indartzea, bergizarteratze prozesuak bultzatzeko eta berrerortze tasa murrizteko.