NAIZ
DONOSTIA

Aralarri buruzko «eztabaida eraikitzailea» martxan jartzeko eskatu dute EH Bilduko kideek

«Gaur egungo krispazio giroa» gainditu asmoz, Aralarren kudeaketari buruzko «eztabaida eraikitzailea» gauzatzeko prestutasuna adierazi dute Enirio-Aralarko Mankomunitateko EH Bilduko ordezkariek. Zehazki, Aranzadi Elkarteari Natur Parkearen kudeaketa integralerako plan proposamen bat enkargatzeko proposamena egin dute.

Egungo «krispazioa» gainditzen laguntzeko prestutasuna planteatu dute Enirio-Aralarreko Mankomunitateko EH Bilduko kideek. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Egungo «krispazioa» gainditzen laguntzeko prestutasuna planteatu dute Enirio-Aralarreko Mankomunitateko EH Bilduko kideek. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Enirio-Aralarko Mankomunitatearen lehendakariari eskaera zuzendu diote Amezketa, Ikaztegieta, Legorreta, Zaldibia, Ataun, Itsasondo eta Orendaingo EH Bilduko ordezkariek, Natur Parkeari buruzko ezohiko batzar bat deitu dezan.

Eskaeran azpimarratzen dutenez, Mankomunitateak onartu zuen 2015-2019 legealdirako planean jasotzen diren behar zen ikuspegiak beste hainbat eragile eta adituren iritzi eta proposamenekin osatu beharko lirateke.

Zentzu horretan, argi esan dute beren proposamenaren helburua ez dela «lehengoaren ordezko plan bat egitea, baizik eta lehen egindakoak proposatzen dituen aktuazioen inguruko beste begirada batzuk ere gehitzea, Aralarko kudeaketa integrala diseinatzeko bermeak sortuz».

Behin proposamen horiek esku artean izanda, «eztabaida eraikitzailerako» prestutasuna agertu dute sinatzaileek, «gaur egun dauden baino adostasun zabalagoak eraikitzeko helburuarekin». Adostasun zabalago batek «gaur egungo krispazio giroa gainditzen» lagunduko lukeela uste dute eta, hortaz, «sektore guztientzat onuragarria» izango litzatekeela. «Badakigu ez dela ariketa erraza izango, baina ahalegina egiteko determinazio osoa daukagu», nabarmendu dute.

Hori dela-eta, Enirio-Aralarko Mankomunitateari eskatu diote ezohiko batzar bat dei dezala gaiaz eztabaidatzeko. Zehazki, proposatu dute Mankomunitateak enkargatu diezaiola Aranzadi Elkarteari Enirio-Aralar Natur Parkearen «kudeaketa integralerako» plan proposamen bat egiteko, «zeinak ikuspegi estrategikotik parkearen jarduera sozioekonomiko iraunkorren sustapena zein baliabide naturalen kontserbazioa kontuan hartuko dituena».