NAIZ

Salatu dute ez diotela Gogorzari Estatu frantsesean egindako kartzelaldia kontuan hartzen

Sortuko preso politikoen batzordeak salatu duenez, larriki gaixorik dagoen Aitzol Gogorza preso errenteriarrak kalean behar luke iragan asteazkenetik: «Alde batetik, gaixotasun larri bat duelako eta, bestetik, ez diotelako kontuan hartzen frantses espetxeetan egindako kartzelaldia».

Aitzol Gogorzaren aldeko elkarretaratze bateko artxiboko irudia. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Aitzol Gogorzaren aldeko elkarretaratze bateko artxiboko irudia. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Aitzol Gogorza larriki gaixo dagoen preso errenteriarraren berrian eman ditu Sorturen preso politikoen batzordeko bozeramailea den Oihana Garmendiak. Haren arabera, presoa ankerkeria bikoitza ari da pairatzen, kalean beharko lukeelako: «Alde batetik, gaixotasun larri bat duelako; bestetik, Europako legediari muzin eginez, Frantziako espetxeetan egindako kartzelaldia ez diotelako kontuan hartzen».

«Zigorrak bi aldiz zenbatzeari utzi behar zaio lehenbailehen», adierazi du Garmendiak, gaineratuz Europako araudiak garbi esaten duela Estatu frantsesean eta Europako beste edozein herrialdetan egindako espetxealdiak batu eta deskontatu egin behar direla: «Hori betetzea eskatzen dugu».

Zentzu horretan, eta frantses espetxeetan egindako espetxealdia kontuan izan baliote, iragan asteazkenetik behar luke aske Gogorzak. Hala ez denez, eta beste hainbat euskal preso politikok egin legez, Estrasburgoko Auzitegian helegitea tramitatu du errenteriarrak.

Egoeraren aurrean, Garmendiak galdetu du ea zergatik jokatzen duten horren modu ankerrean: «Alderdi Popularra eta Espainiako epaileak zergatik daude hain tematuta mendeku gosez? Ez dute orokorrean Europako araudia kontuan hartzen eta, presoak bahiturik izateaz gain, gaixorik daudenak ere espetxean mantentzen dituzte».