NAIZ
GASTEIZ

187 personari aitortu diete 1960-1978 epeko motibazio politikoko indarkeriaren biktima izaera

1960tik 1978ra bitartean motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketak jasotzen dituen txostenak 187 pertsonari aitortu die biktima izaera. Iñigo Urkullu lehendakariak Balorazio Batzordeko kideei egin die harrera gaur goizean.

Urkullu eta Balorazio Batzordeko kideak. (IREKIA)
Urkullu eta Balorazio Batzordeko kideak. (IREKIA)

Topaketaren helburua izan da Batzordeak ‘Ahanzturatik ateratzen’ liburua ematea. Amaierako txostenean, sakon aztertzen dira Batzordeak aztertu dituen historiak eta kasuak. 187 pertsonari aitortu zitzaien biktima-izaera, Dekretu horren babesean. Kopuru hau eta txostenaren edukina iaz aurreratu zuen Lakuak, baina gaur aurkeztu den lana kokapen orokorra eta kasu bakoitzaren azalpen osoago bat biltzen du.

Lehendakariarekin batera, Jonan Fernandez Giza Eskubideak, Bizikidetza eta Lankidetza Batzordeko idazkari nagusia izan da. Topaketan Balorazio Batzordeko honako kide hauek ere izan dira: Carlos Martín Beristain (koordinazioa eta idazketa); Alvaro Gil Robles, Sabino Ormazabal, Monika Hernando eta Aintzane Ezenarro. Batzorde hau ez da Gobernu espainolak helegitea jarri dion legean aurreikusten dena.
 
Txosten honen bidez, ‘Ahanzturatik ateratzen’ liburuaren bidez, informazioa osatzen da, eta, horrela, kualitatiboki sakontzen da eta jasotako historien berri ematen da, partekatutako minen berri, eta aurkeztutako dokumentazioaren eta Balorazio Batzordeak aurkeztu ziren kasuetan eginiko analisiaren berri.
 
Txosten hori aurkeztuta, gainera, Batzordeak etapa bat itxi nahi du, eta egindako lanaren berri eman. Gizarteari eta lagundu eta sustatu duten erakundeei eskainitakoagatik esker ona adierazteko modua izan nahi du eta, nagusiki, lekukotza eskaini zuten biktimei. Beren hitza eta esperientzia ere partekatutako memoriari eginiko ekarpena da.

Orotara, 220 eskaera jaso zituen Batzordeak eta 187 onartu ditu. Gehienak torturak edo poliziek manifestazioen kontra oldartu izana jasotzen dute. Onartu ez diren kasuak epez kanpo aurkeztu zirelako edo egileen gainean zalantzak daudelako da, txostenaren koordinatzaile Carlos Martin Beristainek azaldu duenez.

Biktima bakoitzaren testigantzarekin «esperientzia komunak berreraiki, kontestuan ipini, eragina ulertu eta biktimen eta senideen adorea nabarmendu» nahi da.