NAIZ

Udan hasiko dira Garellanoko geltokiaren obrak

Juan Mari Aburto alkateak eta Ricardo Barkala Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren zinegotziak Garellanoko geltoki intermodalaren obrak 18 hilabetez luzatuko direla azaldu dute eta 22 miloi eurotik gorako kostua izango dutela.

Aburto eta Barkala Udalean egindako agerraldian. (Bilboko Udala)
Aburto eta Barkala Udalean egindako agerraldian. (Bilboko Udala)

Bilboko Udalak udan hasiko ditu Garellanoko lurpeko geltoki intermodala egiteko obrak. Juan Mari Aburto, Bilboko alkateak geltokia, obra lurpean egiteak sortuko duen plazaren eta geltokiaren sarreran egingo den eraikinaren proiektua aurkeztu du. Eraikuntza lanek 18 hilabete iraungo dutela aurreikusi dute eta proiektuaren kostua 22 miloitik gorakoa izango dela.

Aburtok eta Ricardo Barkalak, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren zinegotziak; konexio intermodala nolakoa izango den metroarekin eta trenarekin azaldu dute. Aldi berean, egin behar duten eraikinean merkataritza-gunea, kirolgunea, hotela eta ikasleentzako egoitza egongo direla esan dute eta 48 hilabete izango direla eraikitzeko proiektua onartzen den egunetik hasita.

«Garellanoko geltoki intermodala funtsezkoa izango da auzoaren eta uriaren bilakaerarako eta etorkizunerako», nabarmendu dute.

Azaldu dutenez, autobusek sarrera eta irteerak Gurtubya kaletik egingo dituzte eta autobusen zirkulazioa Luis Briñasetik kendu egingo da, trafiko lokala bakarrik eduki dezan. Perez Galdos kaletik ere ez dute zirkulatuko autobusek, oinezkoentzat egokituko da eta.

Proiektua finantziatzeko Udalak partzela bat eman zuen, geltokiaren eta aparkalekuaren 40 urterako ustiapenarekin gogoratu dute. EH Bilduk hainbat aldiz kritikatu du adjudikazioak sekretuan egin zituela Udalak.

500 plazako aparkalekua izango dela ere esan dute.