NAIZ

Gaztelumendiko gurutzea lurrera botako du Larrabetzuko Udalak

Joan den apirilean Larrabetzuko Udalbatzak aho batez egindako adierazpen instituzionala betez, uztailaren 10ean lurrera botako dute Gaztelumendiko gurutzea, Frankok bere ejerzitoko hildakoak oroitzeko egin zuena.

Gaztelumendiko gurutzea.
Gaztelumendiko gurutzea.

Gaztelumendiko gurutzeak duen sinbologia, frankistek eraikia izan baitzen hildako soldaduak gogoratzeko, eta une honetan hondaturik dagoela eta erortzeko arriskuan dagoela ikusirik Udalak lurrera botatzea erabaki du.

Azaldu dutenez, datorren uztailaren 10ean goizeko 10.30etan botako dute.

Monumentu horren kokalekuaren balio sinbolikoa eta eraikina egin zen uneko testuinguru historikoa kontuan hartuta, Udalak ohorezko oroitarri bat jarriko du askatasunaren alde eta faxismoaren kontra borrokatu eta hildako borrokalariak omendu eta gogoratzeko.

Aurten 80 urte betetzen dira frankisten tropek Larrabetzu okupatu zutenetik eta hori gogoratzeko antolaturiko ekintzen barruan kokatu dute oroitarri berria jartzerena.

Ildo horretan, Udaletik gogoratu dute Gaztelumendiko gurutzea Franco diktadoreak agindu zuela eraikitzea 1937an burutu zuten «Burdin hesiaren» kontrako erasoan bere ejertzitoko hildakoak omentzeko. Francok Gaztelumendi tontorrean harrizko eta hormigoizko gurutze bat eraikitzeko agindua eman zuen. Monumentu hau «Burdin Hesiaren» apurketa eta ondorengo Bilboren okupazioaren lehenengo urteurrenaren bezperatan inauguratu zen.