Idoia ERASO

Uraren kalitatea bermatzeko baliabideak eskas dira oraindik

Uda heltzean, uraren kalitateak zeresan handia ematen du urtero. Itsasoko kutsaduraren arazoa konpontzearen aldeko kontzientziazioa gora egiten ari den honetan, erakundeek horri zuzenduriko baliabideak handitzen badituzte ere, lan handia dago egiteko.

Lapurdiko kostaldean biztanle kopuruak gora egiten du uda garaian, turistak eta bigarren etxebizitza daukaten pertsonak oporrak pasatzera etortzen direlarik. Horrek azpiegituren saturazioa ekartzen du hainbat arlotan, eta uraren tratamenduari dagokionez, ekipamendua berritzen ari badira ere, uraren kalitatea bermatu ahal izateko baliabideak eskas dira. Batzuetan, arauak betetzen badira ere, ezin izaten zaio egoerari erantzun egokirik eman momentu jakin batzuetan. Bereziki, euri jasa handiak edo euria luzaz egiten duenean gertatzen da hori, horrelakoetan ura tratatu gabe joaten baita ibaietara eta hortik itsasora. Horrelako arazoak direla medio, hondartzak kutsaduragatik itxita izaten dira urtean hainbat egunez. 2015eko datuei begiratuta 34 hondartza bederen behin itxi behar izan zuten arriskua saiheste aldera.

Asteotan, CADEk (Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Kolektiboa, frantsesezko siglan) sarean ikusgai jarri du Biarritzen eta Bidarten dauden araztegietako urak itsasoratzen diren tokia erakusten duen bideoa, non ura marroixka agertzen den. Surfrider fundazioak, ildo berean, Hendaiako araztegiaren inguruan egiten ari diren berritze lanek dituzten mugak agerian jarri ditu. Horrelako informazioek sortzen duten kezkari aurre egiteko eta erakundeetatik egiten den lana gizarteari helarazteko asmoz, Biarritzeko Herriko Etxeak uraren kalitatearen inguruan mintzaldi bat eman du azken egunotan. «Helburua gure zaintza lana zertan den oroitaraztea da, informazioaren gardentasuna: jendeak konfiantza har dezan», adierazi zuen Peggy Bergeronek, Udaleko Ozeanoa-Ingurumena Sailetik.

Zaintza lan hori, funtsean, gizakiak sortutako hondakinen presentziari loturiko bakterioak atzemateko neurketak egitean datza, baina horiez gain beste elementu kutsakor batzuk ere agertu ohi dira uretan. Produktu kimikoei dagokienez, azterlan guztiek bat egiten dute horrek sortzen duen arriskuan eta garbitzeko zailtasunaren inguruan. Bergeronek, horren aurrean, Ipar Euskal Herria ikerketa gune bezala aurkeztu zuen, non arazo horri aurre egiteko ekimenak abian diren, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera osatutako Euskal Kostaldeko Interes Zientifikoko taldea.

Bestalde, Surfriderreko François Verdetek Euskal Herriko mugak gainditzen dituen arazoa dela nabarmendu zuen; egungo gizarte ereduak sortzen duena, hau da, etengabeko kontsumoaren ondorioz sortzen dena, produktu kimikoak masiboki erabiltzen baitira, hala nola medikuntzan, kosmetikoetan, nekazaritza intentsiboko ongarrietan....

Eskaerak

Lapurdiko elkarteek egiten duten eskaera nagusia da ur azterketak egunero egitea, eta gero informazio hori publiko egitea, bainulari eta ur kirolariak horren arabera erabakiak hartu ahal izateko, urte osoan. Oraingoz, eta udan soilik, Biarritzeko Herriko Etxeak sistema hori abian jarri du, telefono aplikazio baten bitartez: Biarritz Infoplages. Elkarlana da CADEk egiten duen beste eskaera; hain zuzen, sortu berria den Euskal Elkargoan batzorde bat era dadila nahi du, uraren egoeraren jarraipena eta kontrola izango lukeena aztergai, non erakunde eta elkarteek parte hartuko luketen. Bide hori garatzeko, erakunde berriak ateak ireki dizkie elkarteei.

 

«‘Itsas belara’ itsasontziak egiten duen lanari esker, hondakin gutxiago dira hondartzetan»

«Itsas Belara»-k iragan maiatzean abiatu zuen bere kanpaina. Arrantza mota berezia egokitzen zaio, sareak hondakinez beteta biltzen baititu. Ekaitzen ondorioz ibaietatik itsasora bidea egin duten zuhaitz atalak dira bost marinelez osaturiko eskifaiak biltzen dituen hondakinik pisutsuenak. Horiek ontzientzat arriskutsuak direla azaldu du Denis Olaizola taldekideak.

Gaineratu duenez, arrazoi bat edo beste dela medio hil diren animalien hilotzak jasotzea egokitzen zaie gero eta gehiago. Osasun arazoak ekidin nahian, zentro berezietara bideratzen dituzte. Hortik aurrera, plastikozko ontziak eta, oro har, birziklapen zentroetan behar luketen materialek betetzen dituzte itsasontziaren sareak.

Kanpaina abiatu zuenetik bi tona hondakin bildu ditu Baiona eta Hendaia artean ibiltzen den «Itsas Belara»-k. Iazko kanpainan orotara 14 tona batu zituen Kosta Garbia sindikatuaren agindupean jarduten duen itsasontziak. Hondakinen bilketarekin batera, Life Lema izeneko europar proiektuaren partaidea da Emmanuel Alzuri Bidarteko auzapeza buru duen sindikatua.

2016 eta 2019 artean, Europar Batasunetik jasotako 2,1 milioiko laguntzari esker, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldean hondakinak bildu eta Azti zentroan aztertuko dituzte. Kosta Garbiarekin batera Biarritzeko hiriak, Rivages Pro Tech-ek (Suez Eau France) eta Surfrider Foundation Europek bat egin dute itsasora iristen den zaborra bilduz hondartzak garbiagoak izaten lagunduko duen egitasmoarekin. Maite UBIRIA BEAUMONT