NAIZ
LARRABETZU

Lau lagun zauritu dira Larrabetzun, Gaztelumendiko gurutze faxista eraistean

Larrabetzuko Udalak eraitsi egin du Gaztelumendiko gurutzea, Francoren Armadako hildakoak oroitzeko eraiki zutena. Oroitarria erori denean segurtasun hesiaren atzean zeuden lau ikusle harrapatu eta zauritu dituzte errebotatuta atera diren harriek. Gurutzeta eta Galdakaoko ospitaleetara eraman dituzte. Udalak segurtasun neurri guztiak hartu zituela adierazi du.

Anbulantziak zaurituak artatzen Larrabetzun, gurutzea eraitsi ondoren. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Anbulantziak zaurituak artatzen Larrabetzun, gurutzea eraitsi ondoren. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Larrabetzuko Udalak Gaztelumendiko gurutze faxista eraitsi du gaur goizean, udalbatzak apirilean hartutako erabakiari jarraiki. Botatzeko unean, ordea, ezbeharra gertatu da. Segurtasun neurri guztiak hartuak ziren arren eta gurutzearen inguruan hesia ezarrita zegoen arren, gurutzea lurrera erortzean errebotatuta atera diren harriek han zeuden lau pertsona harrapatu dituzte eta zauriak eragin.

Iñigo Gaztelu alkateak NAIZi azaldu dionez, pertsona batek hanka apurtua du eta besteak kolpeak. Bi anbulantzia bertaratu dira, zaurituak artatzera. Gurutzeta eta Galdakaoko ospitaleetara eraman dituzte.

Ezbeharraren ondoren udalak ohar batean adierazi duenez, udal teknikariek eta eraistearen arduradunek gertatutakoa aztertuko dute. Gurutzea eraisteko beharrezkoak diren neurriak, «segurtasunekoak eta teknikoak», bete dituela esan du, baina «tamalez zoritxarreko istripua gertatu da».

Zaurituei elkartasuna adierazi die eta «behar duten guztirako» bere esku dauden baliabideak jarriko dituela erantsi du.

1938an eraikia

Gaztelumendiko gurutzea Francoren Armadako hldako soldaduak oroitzeko eraki zuten 1938an, Bizkaiko Foru Aldundiak aginduta. Monumentuak zuen sinbologia frankista kontuan hartuta eta hondaturik eta erortzeko arriskuan zegoela ikusirik, Udalak lurrera botatzea erabaki zuen. 

Frankistek Larrabetzu okupatu zuteneko 80. urteurrena dela-eta antolatutako ekintzak aprobetxatuz, gurutzearen ordez Udalak ohorezko oroitarri bat jarriko du «askatasunaren alde eta faxismoaren kontra borrokatu eta hildako borrokalariak omendu eta gogoratzeko».