Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak azaldu duenez, erasoa igande goizaldean gertatu zen Santurtziko taberna batean. Goizaldeko 6.20 aldera, Ertzaintzari bertatik ohartarazi zioten emakume bati eraso egin zion gizon bat atxikita zutela.
Lekukoek kontatutakoaren arabera, emakume gazte batek lo hartu zuen tabernako besaulkietako batean eta egoera hori baliatuta gizon bat hurbildu zitzaion eta ukituak egiten hasi zitzaion. Gertatzen ari zena ikusita, hainbat lagunek Ertzaintzari deitu zioten eta poliziak iritsi arte bertan atxiki zuten erasotzailea.
Ertzainak bertaratu zirenean gizona identifikatu eta atxilotuta eraman zuten, sexu askatasunaren aurkako delitua egotzita. Diligentziak bukatuta epailearen esku utzi zuten.
Santurtziko Udalak erasoa gaitzetsi du eta salaketa horren harira deitutako elkarretaratzeak ehunka lagun bildu ditu arratsaldean.
Beste eraso bat Zornotzan
Santurtzikoa ez da asteburu honetan emakumeen aurka izan den eraso bakarra. Zornotzan ere beste emakume batek, kasu honetan adin txikikoa, bortxatu egin zutela salatu zuen festetako lehen egunean.
Udalak gaitzespen adierazpena kaleratu zuen eta atzo arratsalderako elkarretaratzea deitu zuen. Ehunka lagun bertaratu ziren erasoa salatzera. Zornotzako Emakume Taldeak ere oharra plazaratu zuen erasoaren harira eta mota horretako jarrerarik ez dutela onartuko nabarmendu zuen.