GARA
BILBO

Georg Baselitzen «heroi» zaurgarriak eta garaituak, Guggenheim museoan

Guggenheim Bilbao museoak «Georg Baselitz. Heroiak» erakusketa zabalik dauka datorren urriaren 22ra arte. Bertan bisitariak aurkituko dituen «heroiak» 1965 eta 1966. urteetan egindako artelanak dira. «Heroiak» eta «Tipo berriak» lan multzo indartsua 1960ko hamarkadako arte alemaniarraren adierazle gorentzat jotzen da gaur egun. Nabarmentzekoa da artistak 27 urte besterik ez izatea lan hauek sortu zituenean.

Artistak berak onartu izan du sekula ezin izan duela Alemania saihestu, ezta alemaniarra izatea ere. Baselitzek garaiko arte- eta pentsamendu-joera guztien aurka egin zuen. «Irudiak, artega eta desafioan, artistaren asertibotasunaren eta identitatearen baieztapen adoretsua dira. Iraganaren eta orainaldiaren arteko jarraipen ideala marrazten dute», azpimarratu dute museoko arduradunek.

«Heroi horien barren hauskor eta paradoxikoak forman aurkitzen du kontrapuntua: aurrealdeko irudikapena eta irudiak erdigunean duen konposizioa, argi definitzen diren lerroez baliatuta, guztiz bestelakoa da, kolore paletaren indar basatiarekin eta estilo piktorikoaren suhartasunarekin alderatzen badugu», gaineratu dute.

Denera 68 margolan, marrazki eta zirriborro biltzen dira lehen aldiz. “Remix” zikloko margoen aukeraketa batekin bukatzen dira. 2005ean ekin zion Baselitzek aipatu zikloari.

1965ean erabat suntsituta ikusten zuen artistak bere herria. Ideologia eta sistema politiko oro ezbaian jartzen ziren, baita estilo artistikoak ere. Bere eszeptizismoa nabaria zen. Bere «heroiak», gerrako jantzi zarpailekin jantziak, kontraesanez betetako figurak dira. Porrotak eta etsipenak markatuta daude.

Gerra osteko garai hartan, eta 27 urte besterik ez zituela, erabateko probokaziotzat jo zen heroiez hitz egitea, heroismoa erabat zalantzan zegoenean.

Gudariak, artzainak, errebeldeak, borrokalariak eta margolariak dira Baselitzen heroiak eta tipo berriak. Bakardade osoan egin zuen ezin aberatsagoa suertatu zitzaion sorkuntza prozesua. Pintzel-kolpe gartsuez margotutako lanak dira bereak, kolorea, lerroa eta figura elkarren artean borrokan ari balira bezala. Gudaren propagandari lotu izan zaizkio orain Bilbon ikusgai dauden lan hauek, baina Baselitzen heroiak zaurgarritasunaren eta prekarietatearen adibide dira. Atsekabetasunaren erdian, nolanahi ere, beti dago margolanean baikortasunerako bidea ematen duen elementuren bat.

Max Hollein erakusketaren komisarioaren esanetan, «heroiak barne behar batetik ernaltzen dira eta artistaren existentziari buruzko hausnarketa atenporala garatzen dute. Suntsituta dagoen mundu batean artistak bizi duen esperientzia prekarioa jasotzen du».

Frankfurteko Stadel Museum-ek antolatu du erakusketa, Bilboko museoarekin, Stockholmeko Moderna Museet-ekin eta Erromako Palazzo delle Esposizionirekin lankidetzan.