Kalera Martxaren zortzigarren eta azken etapak Ibarra eta Lakuntza lotu ditu gaur. Goizean abiatu dira Gipuzkoako herritik eta helmugara iritsi baino lehen Altsasun geldialdia egin dute. Han, Maite Sabalza Sortuko Kontseilu Nazionaleko kideak herri horretako hiru gaztek oraindik espetxean jarraitzen dutela gogoratu du, iazko urrian bi guardia zibil eta beren bikotekideekin izan zuten liskarra dela-eta.
Horrek, Sabalzak salatu duenez, «argi uzten du Estatuaren estrategia zein den: estrategia armatua da, eta gainera argi utzi du estrategia hori aurrera ateratzeko edozein eskubideren, edozein mugaren gainetik pasatzeko prest dagoela».
Nabarmendu duenez, ETAk armak utzi ditu, «baina oraindik estrategia armatuarekin jarraitzen duten batzuk badaude, salbuespeneko jokabideekin jarraitzen dutenak, eta jarraitzen dute jokatzen herri honetan azken sei urte hauetan ezer gertatu ez balitz bezala». Hori «onargaitza» dela esan du eta horregatik espainiar indar armatuei Euskal Herritik alde egiteko eskatu die.
Sortuko kideak azaldu duenez, «oso pozik» daude Kalera Martxak herriz herri jaso duen harrerarekin. «Kartzelak husteko garaia da, ez betetzekoa; herri honek ez du errepresio eta kartzelatze gehiago nahi; herri honek nahi eta merezi duena da bake eta justiziazko agertoki bat, eta hori posible izan dadin preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko gizarte bat».
Kalera Martxa iritsi da #HTX20-ra, Lakuntzara pic.twitter.com/92mjIXbfjF
— GARA Iñaki Soto (@gara_isoto) July 27, 2017
Lakuntzan ere harrera beroa egin diote martxari. Zazpiak aldera iritsi dira plazara, eta Hatortxuren hasiera ekitaldiarekin bat egin dute.