NAIZ

Gizonezko bat atxilotu dute Boluetan gertaturiko eraso sexistarengatik

Bilboko Udalean ordezkaturiko alderdi politiko guztiek Boluetan gertaturiko erasoa salatu dute eta gaitzesteko ekimenetan parte hartzeaz gain, herritarrei dei egin diete eraso sexistei aurre egiteko. Gizonezko bat atxilotu du Udaltzaingoak emakumezko bat kalean erasotzeagatik.

Ostiral gauean gizonezko bat atxilotu zuen Bilboko Udaltzaingoak Boluetan emakumezko bat erasotzeagatik. Zabaldutako informazioaren arabera, kalean gertatu zen erasoa eta atxiloturiko gizonezkoa eta erasoa jasandako emakumeak bikote harremana zuten.

Bilboko udal talde politiko guztiek Boluetan gertaturiko eraso sexista bat arbuiatzen duen adierazpena sinatu dute. EAJ, PSE, EH Bildu, PP, Goazen eta Udalberri dira udalean ordezkaritza duten alderdi politikoak.

Bilboko Udalak «irmotasun osoz gaitzetsi eta bere samina agertu nahi du» Boluetan izandako eraso matxistarengatik azpimarratzen dute adierazpenean. Erasoa jasandako emakumeari babesa agertzearekin batera, eraso sexistei aurre egiteko deia egiten die herritarrei «inolako tolerantziarik ez agertzera eta ekintza horiek zigorrik gabe ez uztera gonbidatzen ditu».

Kaleratutako adierazpenean azaltzen dutenez, Udaleko talde politiko guztiek «emakumeentzat errespetuzkoak ez diren jokabide guztiak» arbuiatzen dituzte, «keinu zein jarrera sexistak zein eta muturreko erasoak barne hartuta».

«Guztiok azaldu behar dugu emakumeen aurkako indarkeriaren edozein agerraldiren kontra. Horretarako, ekintza horiek salatu behar ditugu, ez ditugu baimendu behar eta haien aurrean ezin gara isildu. Gure babesa erakutsi behar diegu jasaten dituztenei», nabarmentzen dute.

«Banakako eta taldeko erantzunkizuna gure gain hartu behar dugu eraso matxisten aurrean», gaineratu dute.

Ildo horretan, Bilboko Udalak erasoa gaitzesteko ekintzetan parte hartuko duela iragartzen dute eta udal zerbitzuak erasoa jasandako emakumearen esku jarriko dituztela.