NAIZ
DONOSTIA

Donostian izandako azken sexu erasoak gaitzesteko elkarretaratzea egin dute

Uztailaren 28 eta 31n bi emakumek Donostian jasandako sexu erasoak gaitzesteko elkarretaratzea egin dute Alderdi Ederren, Udalean ordezkaritza daukaten alderdi guztiek parte hartzearekin. Indarkeria honen aurkako borrokari dagokionez, Euskal Herri mailan Donostia «oso atzean» gelditzen ari dela salatu du EH Bilduren udal taldeak.

Sexu erasoen aurkako elkarretaratzea, Alderdi Ederren. (@EnekoGoia)
Sexu erasoen aurkako elkarretaratzea, Alderdi Ederren. (@EnekoGoia)

‘Donostiako Udala eraso sexisten aurka’ zioen pankarta baten atzean bilduta egin dute azken egunotan bi emakumek jasandako erasoen aurkako elkarretaratzea, Donostiako Alderdi Ederren.

Udalean ordezkatuta dauden alderdi guztietako kideek bat egin dute protestarekin eta, kontzentrazioa bukatutakoan, Eneko Goia alkateak adierazi du afera honek «kezka eta haserrea» eragiten duela Udalean. Hirian halako gertaerak ematea «erabar ulertezina eta lotsagarria» dela ere nabarmendu du.

Emakumeenganako indarkeriarekin «behin betiko» bukatzeko, jendartearen inplikazioa eskatu du Goia alkateak. 

EH Bilduren kezka

Gai honi lotuta, EH Bilduko zinegotziak «oso kritiko» agertu dira udal gobernuaren jarrera eta kudeaketarekin. «Donostian indarkeria matxista kasuak biderkatzen ari dira eta Eneko Goiak zuzentzen duen gobernua, esfortzuak biderkatu baino, atzerapausoak ematen ari da».

Azaldu dutenez, udal gobernuaren jarrera «asko jota, erreaktiboa» izaten ari da, «zenbait kasuen aurrean mobilizazioak deituz eta beste batzuen aurrean ez». EAJ eta PSEri «txipa aldatzeko» deia egin diete, gaiari garrantzia emanez eta ekintza «proaktiboak» sustatuz.

Adibide gisa aipatu dute Iruñean eta beste toki batzuetan indarkeria matxistaren aurrean hartutako jarrerak, sentsibilizazioan eta prebentzioan alorrean batez ere.

Donostian, salatu dutenez, «inguruko hiri eta herrietan ez bezala, hemen hartu den erabaki bakarra urtero egiten zen udako kanpainarik ez aurkeztea izan da».