NAIZ
DONOSTIA

Ezartzen dizkieten tasa eta traben gainetik «Donostia abordatzen» jarraituko dute Piratek

Aste Nagusi Pirata antolatzeko orduan administrazioak «oztopoak besterik ez» dituela jartzen salatu dute Donostiako Piratek. Iaz Lakuari 21.500 euroko tasak ordaindu behar izan zizkioten eta aurten 14.300 euro pagatu beharko dituztela kalkulatzen dute. Tasa horiek «herri mugimendu batentzat onartezinak» direla kritikatu dute, baina traba guztien gainetik Donostia abordatzen segiko dutela adierazi eta Aste Nagusi Piratan parte hartzeko gonbitea luzatu dute.

Tasa eta traben gainetik Aste Nagusia herritarra antolatuko dutela adierazi dute Donostiako Piratek. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Tasa eta traben gainetik Aste Nagusia herritarra antolatuko dutela adierazi dute Donostiako Piratek. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Aste Nagusia hasteko egun batzuk baino falta ez direnean, kezkatuta agertu dira Donostiako Piratak komunikabideen aurrean. Azaldu dutenez, komunikabide batzuek argitaratutakoaren kontrara, beraiek ez dutela Lakuari ordaindu beharreko tasen inguruko akordioren berririk.

Duela egun batzuk jaso zituzten Aste Nagusia antolatzeko behar dituzten baimenak eta bete beharreko baldintzak zehazten ziren bertan. Iaz tasetan 21.500 euro ordaindu behar zituzten eta aurten 14.300 pagatu beharko dituztela kalkulatzen dute. «Badirudi administrazioak uste duela Piratak diruz gainezka gabiltzala», salatu dute agerraldian egon direnek, haietako batzuek aldean korbatak, bitxiak eta halakoak zeramatzatela.

Azken momentura arte «ziurgabetasun honetan dantzan aritu behar izatea oso larria» dela azpimarratu dute, aurreko agerraldian esandakoa argi eta ozen errepikatuz: «mundu guztiari irekiak diren jai herrikoiak antolatzen dituen herri mugimendu batek ez luke xentimorik ere ordaindu beharko gune publikoak erabiltzeagatik». «Honek ezin du horrela jarraitu», esan dute.

«Ez gara –gaineratu dute– diru gosez eta poltsikoak betetzeko asmoz antolatzen duen enpresa bat. Donostiako Piratak gara, herria gara, milaka pertsona gara».

Oztopo horiek guztiek «helburu argi» bat dutela salatu dute: «piratak, herritarrak, kaletik eta kaitik kanpo nahi gaituzte». Hala ere, argitu nahi izan dutenez, «ahal den moduan, edozein modutara, Piratok kalean jarraituko dugu, kaian jarraituko dugu. Donostiak eta donostiarrok merezi ditugun jaiak eraikitzen jarraituko dugu. Donostia abordatzen jarraituko dugu!».

Aurretik «ekimenez, kontzertuz, alaitasunez eta ilusioz» betetako bederatzi egun dituzte, beraz, eta «auzolanean eta irribarretsu» arituko dira lanean. Festarako prest agertu dira eta herritar orori luzatu diote Aste Nagusi Piratan parte hartzeko gonbitea.