Aurten lehenengo aldiz taldeka jokatu den Bizkaia Torneoaren finalak emango dio hasiera gaur arratsaldean Bilboko esku pilota profesionaleko jaialdiari (Bizkaia pilotalekuan, 18.00etan hasita). Final-laurdenetako bi kanporaketa eta bi finalerdiak jokatu ostean, Anboto eta Gorbea izan dira finalera iritsi diren bi taldeak, bata Asegarceko pilotariz osatua eta bestea Aspeko kirolariek osatzen dutena.
Anboto taldeko pilotariak izango dira hiru partidetan gerriko gorriz jokatuko dutenak: Joanes Bakaikoa arituko da buruz buru kantxa guztian, Bengoetxea VI.a eta Albisu binaka, eta Victor Esteban lau eta erdian. Gorbearen izena defendatuz eta elastiko urdinarekin: Jon Jaunarena buruz burukoan, Altuna III.a eta Rezusta binaka, eta Julen Retegi lau eta erdian.
Lehiaketa berritzaile honen aurreneko kanporaketak triste xamarrak izan ziren arren –jendeak ez zuen ondoegi erantzun eta partidak ere ez ziren onegiak atera–, finaleko hiru partidek itxura ederra dute paper gainean. Binakako lehian, esaterako, Bengoetxea eta Albisu igandean Zarauzko Torneoa irabazita datoz, bi neurketetan maila ederra erakutsita, baina aurrean izango duten bikotea ere ez da nolanahikoa izango: Altuna III.a-Rezusta, seguruenik oraintxe bertan Aspek jar dezakeen bikoterik indartsuena.
Bakarka aritu diren pilotariei dagokienez, berriz, ez da erraza pronostikoak egitea. Kantxa guztian, Bakaikoa eta Jaunarena torneoan partida bana irabazita eta beste bana galduta iristen dira finalera; lau eta erdikoan, aldiz, Victor Esteban da jokatutako biak irabazi dituena, baina Retegik finalerdian erakutsitako maila ikusita –Aitor Mendizabal 2an utzi zuen–, ez da erraza faborito bat hautatzea.
Altuna-Rezusta, bi aldiz
Bilboko torneoa, Asegarceren 25. urteurrena ospatzeko balioko duena, bihar hasiko da aurreneko finalerdiarekin. Olaizola II.a eta Urrutikoetxea, 2016ko Binakako txapeldunak, Elezkano II.a eta Zabaletaren aurka neurtuko dira, iaz torneo hauxe irabazi zuen bikotea.
Ostegunean jokatuko da bigarren finalerdia. Bengoetxea VI.ak Larunberekin osatuko du bikotea, eta aurrean Altuna III.a eta Rezusta izango dituzte, alegia, gaurko binakako partida jokatuko duten lau pilotarietatik hiru bertan izango direla. Finala larunbatean jokatuko da.