NAIZ

«Nazkatuak gaude», azken heriotza matxista salatzeko protesta Villabonan

18.30an manifestazioa deitu du mugimendu feministak eta 19.00etan kontzentrazioa Villabonako Udalak Sofia Tatoren heriotza salatzeko. Emakumeen Mundu Martxak bertara joateko deia egin dute eta indarkeria sexistaren aurkako borrokan agente ororen ardura «ezinbestekoa» dela nabarmendu ostean «hitzetatik praktikara» igarotzeko garaia dela nabarmendu dute.

Emakumeen Mundu Martxak atzo Extremaduran senarrak hil zuen Sofia Tatoren heriotza salatzeko protestetan parte hartzeko deialdia egin dute. 18.30ean manifestazioa deitu du mugimendu feministak Villabonan eta 19.00etan kontzentrazioa Udalak. 

Mundu Martxak «indarkeria sexistaren aurkako borrokan agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa ezinbestekoa» dela nabarmendu du ohar bidez, «hezkuntza hasita eta beste edozein eremutan ere» eta «hitzetatik praktikara» pasatzeko garaia dela adierazi du. 

Oharrean diote indarkeria sexistak ez duela mugarik, «bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako» eta «eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, menpeko harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea» dela. Modu honetako erasoak ez direla «modu isolatuan eta bakartuan» ematen salatu dute eta «bizi garen jendartearen antolaketa sexistak» ahalbidetu eta sustatzen duela. 

Adierazpenaren amaieran azaldu dute ez duela Mundu Martxaren protokoloa aktibatu kasu honetan, «bizi proiektua Euskal Herrian duten erailketa matxisten kasuan soilik» aktibatzen dutelako, baina hura gabe ere Villabonan izango den mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute.