1910. urteko Mungiako Harria geldirik egon da Bizkaiko herrian azken urteotan. Batek baino gehiagok atzo aitortu zuenez, gogotsu zeuden asko harri «mitiko» horrekin zerbait ikusgarria egiteko, eta Bilboko Aste Nagusia izan da aukeratutako agertokia, egunero milaka eta milaka lagun erakartzen dituen jaigunea, hain zuzen ere.
Bilbon herrik kirolek publiko handia dute, eta atzoko jakin-minak txiki utzi zuen Areatzan probok hartu ohi dituen gunea. Aurkezle lanetan ibili den Jose Luis Bilbaok adierazi zuenez, Mungiako Harria zen zalantzarik gabe atzoko probetan «jaun eta jabe». Gogoratu zuenez, Mungiako Harria 60ko hamarkadan erabili zuten probalekuetan, eta Bilbon bertan ere izan zen. 1957an, adibidez, Arriaga aurrean, harri puskaren marruskadura indarrak bertako marmol itxurako zorua erre zuen.
Hasiera batean zortzi lagun aritzekoak baziren ere, azkenean harria zazpiren artean mugitzea pentsatu zuten, baita egin ere. Txorierriko herri kirol taldeko probalariak eta Bizkaiko beste hainbat herritakoak aurreko astean elkarrekin entrenatzen arituak ziren. Sekretua indarrean baino «teknikan» dagoela esan zion GARAri Iñigo Aurrekoetxea probalariak. «Koordinazioa da gakoa: harriak inklinazio bat hartzean, batera eman behar da kolpea, bestela ez baita lurretik mugitzen», azaldu zuen.
Bost jarri ziren aurrean kateetatik tiraka eta bi atzean, eta publikoak gogotsu jarraitu zuen erronka. Gehienez harria bi untze mugitzea espero bazuten, ia 70 metro mugitu zuten azkenean, izerditan blai eta txalo zaparrada artean, herri kirol munduan historia egin duen marka ezarri izanaren sentsazioarekin.
Kirola jaia ere badelako
Harria protagonista handia izan zen atzo jaigunean, baina ez bakarra. Izan ere, Iruretagoiena familiako eta Izeta izenarekin ezaguna den harri-jasotzaile familiako lau belaunaldi bildu ziren plazan, une hunkigarriak utziz. Horrez gain, 88 urte dituen Julian Larrea aizkolaria enbor gainean aritu zen aizkorarekin. Hari omenaldia eskaini zion Aste Nagusiak, herri kiroletan egindako ibilbide oparoa eskertzeko asmoz. Marijaia falta zen bakarrik, herri kirolariak agurtzeko. Seguruenik atzoko marken berri izango zuen jaiaren erreginak, baina jakina da zaila dela jaiaren bazter guztietara heltzea, eta lanpetuta, oso lanpetuta dabil.
Bakailaoa pil-pil erara kozinatuz izerdia bota zuten askok atzokoan lapiko artean, eta, beste askok, kirol arropa jantzita. Izan ere, Konpartsek antolatutako hiri krosa izan zen arratsaldean. Hori bai, korrikalari askok ileorde koloretsuak jantzi zituzten, baita apaingarri deigarri ugari ere. Argi geratu zen jaiak ez dituela kirolariak kikiltzen, kirola jai ere bilakatzen denean. Ikuskizun handia eskaini zuten bai «txupete» kategorian bai korrikalari trebeen kategorian.