NAIZ
DONOSTIA

Arduraz jokatzeko eta eragile guztien artean bide-orria osatzeko garaia dela dio Kalerak

Arduraz jokatzeko unea heldu da. Bakearen bidean asko dago egiteko, hori dela eta premiazkoa da eragile guztien artean bide-orri komun eta egoki bat osatzea», adierazi du Kalera dinamikak irailaren 10an Donostian egingo den manifestazioa deitzeko egin duten agerraldian.

Donostian egin duten agerraldia. (KALERA)
Donostian egin duten agerraldia. (KALERA)

«Helburu eta urgentziak ondo finkatuz; larriki gaixo diren presoak, adinekoak, urte asko espetxean daramatenak, sakabanaketaren amaiera, eta guztiak espetxeetatik irten daitezen plangintza integral bat osatzeko kontsentsutik eta akordiotik ekin behar diogu. Bakearen bideak ez du onartzen alderdi politikoen interesei begiratzea, herri honen behar eta interesei baizik», azaldu dute agerraldian.

«Heldu da ordua aurreko fasea modu iraunkor eta egokian ixteko. Gure ahalegin guztiak horren alde jarri behar ditugu eta jarriko ditugu. Herri honetan ez delako benetako bakea eta elkarbizitza izango sufrimenduak irauten duen bitartean. Euskal preso, iheslari, deportatu eta haien senideen sufrimenduak irauten duen bitartean. Guztion artean sufrimendu honekin, zentzugabekeria honekin, bortizkeria mota honekin amaitzeko, ahaleginean sakontzea ezinbestekoa dugu», gaineratu dute.

«herri honetako eragile politiko, sozial eta instituzional guztien parte hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Garbi dugulako presoen afera ez dela ezker abertzalearen ardura bakarrik, herri honetan gatazka gogorra egon da eta horren ondorio baizik ez dira dira euskal errepresaliatuak. Beraz, ez dezagun errealitate honen aurrean beste alde batetara begiratu», esan dute.