NAIZ
DONOSTIA

Donostiako Metroaren aurkako protesta egin dute Lakuako Gobernuaren aurrean

Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, kasik ehun lagunek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Miramarren Lakuako Gobernuaren bileraren aurrean Donostiako Metroaren Pasantearen aurkako oposizioa adierazteko.

Metroaren aurka egin dute kontzentrazioa. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Metroaren aurka egin dute kontzentrazioa. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Goizeko 10etan hasi da protesta, ‘La pasante es un derroche: Metroari Stop! partehartzerik gabe inposizioa da’ zioen pankarta buruan. Metroa gelditzeko oihuak eta kantak etengabeak izan dira, eta protesta ozenki entzun da Lakuako Gobernuak jauregiaren atarian argazkia atera duenean: ’Jaurlaritza entzun: Metroa gelditu!’, ‘Donostiak ez du metrorik behar’, eta ‘Donostia ez zulatu, herriari galdetu!’  izan dira oihuak besteak beste, manifestariek Metroaren aurkako banderolak eta hainbat kartel aldarrikatzaile agertu dituztelarik.

Gaurko protestaren bidez Lakuako Gobernuari era zeharo inposatzailean bultzatzen ari den egitasmo hori geldi dezala eta donostiarentzat garraio publikoko eredu egokienaren inguruan eztabaida publikoa eta erabaki prozesu partehartzaile bat ireki dezala eskatu diote.

Protesta 10.45ak aldera amaitu da, eta datozen asteetako deialdien berri eman dute. Ildo honetan,  irailak 6 asteazkenarekin, Donostiako Udaletxearen atarian goizeko 10etan egingo den protesta ekintzara biltzeko dei egin dute, hain zuzen ere proiektu behargabeko eta inposatu honen Lugaritz-Mirakontxa tartea eraikitzeko ondasunak okupatu aurreko aktak sinatzeko Lakuako Gobernuak deitu duen ekitaldia salatzeko.

«Metroaren igarobidea egitasmo xahutzailea da. Proiektu hori eraikitzen lehenago ere saiatu zirelarik, Ana Oregi sailburu ohiak ‘obra faraonikotzat’ jo zuen eta bertan behera utzi zen. Jaurlaritzak ezin du indarrez nahi dueña inposatu: nola hitzegin dezake he rritarren partaidetzaz, hirian desadostasun nabarmena pizten duen egitasmo honen auzian gizarteak partehartu ahal izateko bide guztiak ixten dituenean?», gaineratu dute Metroaren aurkakoek.