NAIZ
GASTEIZ

Araba osoko frankismoaren biktimen datuak biltzen hasiko da Aldundia astelehenean

Arabako Aldundiak ekainean Gasteizen ireki zuen Frankismoaren Biktimen Bulegoak bigarren fasea hasiko du datorren astelehenenean, irailaren 4an, eta lurraldeko kuadrilletara hurbilduko da, ahalik eta biktima gehienengana iristeko eta lekukotza gehiago biltzeko. Frankismoaren errepresioaren biktima izan ziren pertsonen eta haien senideen lekukotzak biltzea da bulegoaren helburua.

Gasteizko bulegoaren irudia. (ARABAKO ALDUNDIA)
Gasteizko bulegoaren irudia. (ARABAKO ALDUNDIA)

Bulego hau martxan jarrita, Arabako Aldundiaren asmoa da frankismoaren errepresioari buruzko txosten bat egitea lekukotza horiekin, bai eta frankismoak Araban eragin zituen biktimen izenekin zerrenda bat egitea ere, foru erakundeak jakinarazi duenez.

Bulegoa ekainean ireki zenetik ostegun honetan itxi den arte frankismoaren ehunka biktimen lekukotzak bildu dira. Halaber, ikertzaile taldeak pertsona horiek ekarri dituzten dokumentuak ere bildu ditu. Arabako Aldundiak bulegoa Gasteizen irekita egon den lehenbiziko faseari buruzko balorazioa positiboa egin du, bai jasotako lekukotza kopuruari dagokionez, bai elkarrizketetan eta erregistratutako dokumentazioan bildutako informazio eta edukiei buruz.

Orain, datorren astelehenetik aurrera, eta urriaren 13ra arte, bulegoak Araba osoan zehar beteko du eginkizun bera, kuadrilletako egoitzetan ateak irekiz ateak, herriz herri, Gorbeialdean izan ezik, han hainbat udalerritan bilduko baitira lekukotzak.

Egutegia

Bulegoaren jardueren egutegia hau izango da: Arabako Lautadako kuadrillan, Agurainen, irailaren 4tik 8ra; Añanako Kuadrillan, Rivabellosan, irailaren 11tik 15era; Gorbeialdeko kuadrillan, Urkabustaizen irailaren 18an, Legution 19an, Aramaion 20an, Zuia 21ean eta Zigoitian 22an; Kanpezuko kuadrilla-Arabako Mendialdean, Santikurutze Kanpezun irailaren 25etik 29ra; Aiarako Kuadrillan, Arespalditzan, urriaren 2tik 6ra; Guardiako kuadrilla-Arabako Errioxan, Guardian urriaren 9etik 13ra. Aurrez aldetik hitzordua jartzeko, 945 181 900 telefonora deitu edo victimasfranquismo@araba.eus posta elektronikora mezua bidali behar da.

Urriaren 13ra arte kuadrillaz kuadrilla ibili ondoren, bulegoak lanean jardungo du urriaren 30era arte, artean lekukotzaren bat biltzeke geratu bada ere. Arabako Aldundiak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaile talde bat egin du lan hori egiteko arduradun, Historia Garaikidearen saila zuzentzen duen Mikel Aizpururen zuzendaritzapean.

Azken proiektua Araban diktaduraren garaian errepresaliatutako pertsonen izendun datu base bat eta txosten bat egitea da. Aurreikusita dago proiektu hori 2018aren hasiera alderako bukatuta egongo dela. Bulego hau martxan jartzea eta txostena egitea Arabako Foru Gobernuak eta EH Bilduk lortutako aurrekontu akordioaren ondoriozko ekimena da.