Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Lau sorkuntza prozesu berri Ikusmira Berriak hedatzeko

Bost zinemagile gazteren lau sorkuntza prozesu hartzen ditu bere baitan egunotan Tabakaleran garatzen ari den Ikusmira Berriak programak. Egonaldiaren bosgarren astean, Zinemaldiko egutegiarekin bat eginez aurkeztuko dituzte euren zinema proposamenak.

Zinemagile gazteei lanerako espazio berriak eskaintzeaz batera ikus-entzunezko lengoaia eta zinema egiteko molde ezberdinei bidea irekitzeko sortu zen, orain hiru urte, Ikusmira Berriak programa. Tabakalerak eta Donostiako Zinemaldiak sustatutako egonaldi programa honen baitan, bost zinemagilek euren proposamenak garatu eta puntako zinemagile eta adituekin ideiak trukatzeko aukera dute eta, aurtengo edizioan, bost zinemagile dira sei astez euren proiektuak ontzen ari direnak.

«Aurten 157 eskari izan ditugu, iaz baino %320 gehiago», nabarmendu zuen Tabakalerako kultura zuzendari Ane Rodriguezek, eta horien artean Julia Pesce, Maider Fernandez Iriarte, Leonardo Van Digl, Samuel M. Delgado eta Helena Gironen proiektuak hautatu dituztela eman zuen aditzera. Abuztuaren 21ean hasita –sei asteko egonaldia Zinemaldia amaitzean, urriaren 1a bukatuko da–, besteak beste, Fernanda del Nido ekoizle eta Setembro Cineren sortzailearen eta Tizza Covi eta Rainer Frimmel zinemagileen eskola magistralak jasotzeko aukera izan dute eta, horrez gain, alboan izan dituzte, tutore gisa, Carlo Chatrian Locarnoko jaialdiaren zuzendaria, Ada Solomon zinema ekoizlea eta Sergio Oksman zuzendaria (“Goodbye America”, “A Story for the Modlins”, “O futebol”).

Chatrianen iritziz, «aukeraketa egitea zaila izan zen, proiektu oso onak zeudelako. Aukera handi bat da guretzat ere, zinemaren barnean ahots berriak topatzeko». Oksmanek, bere aldetik, iaz ere hartu zuen parte Ikusmira Berriak programan eta, edizio harekin alderatuz, nabarmendu zuen aurten ibilbide bat egina duten zinemagileak ere aurkeztu direla deialdira. «Hainbat jaialditatik pasatu diren zinemagileak ere izan ditugu. Ikusmira Berriak, egun, Europan dagoen egoitza programa garrantzitsuenetakoa da», esan zuen.

Hitza hartuta, programan parte hartzen ari diren gazteek eman zaien aukera eskertu eta euren proiektuak aurkeztu zituzten. Euskal ordezkaria, Maider Fernandez Iriarte, garun-paralisia duen Jordi-rekin ari da lanean: «Fedea galdu duen sinestuna da, eta nire lanean Jainkoarekin berriz elkartzeko egiten ari den bidaia aztertzen da», esan zuen. “Las letras de Jordi” gainerako proiektuekin batera egonaldiaren bosgarren astean, Zinemaldiarekin bat eginez, egingo den pitching saioan aurkeztuko du Fernandezek.

Estatu mailako kategorian, Delgadok eta Gironek «esperimentazioaren mugak» ikertuko dituzte “Eles transportan a morte” lanean, Kristobal Kolonen espedizioak oinarri hartuta. Nazioarteko atalean, Van Dijl belgikarrak “Stephanie” aurkeztuko du, olinpiar jokoetan parte hartu nahi duen anbizio handiko gimnasta gazte baten istorioa. Azkenik, Zinemaldiaren baitan egin ohi den ikasleen topaketetatik hautatu duten Julia Pesce argentinarrak “Aguila de papel” osatuko du. Familia bizipenetatik abiatuz, «esperientzia espiritual bat bizi duzunean zeharkatu behar dituzun kapa ezberdinak zalantzan jarri» nahi izan ditu zinemagileak.

Gutun zuria zinemarako

Euren proiektuak aurkezteaz batera, Tabakalerako zineman datozen bi asteburuetarako egitaraua programatzeko «gutun zuria» ere izan dute zinemagile gazteek.

Hala, ostiral honetan Lluis Escartinen “Amor”, Forugh Farrokhzaden “The House is Black” eta Oscar Perezen “Ventrada” ikusi ahalko dira, Fernandezek hautatuta; larunbatean Maria Aparicioren “Las calles”, Pesceren gomendioz; eta datorren asteburuan, ostiralean Pier Paolo Pasoliniren “El Evangelio según San Mateo” (Gironek eta Delgadok hautatuta) eta larunbatean Fien Trochen “Kid”, Van Dijlen gomendioz. Saio guztiak 20.00etan hasiko dira Tabakalerako zinema aretoan.