GARA
BILBO

CEL taldeko langileak Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean elkartuko dira gaur

CEL papergintza taldeak 254 langile ditu Bizkaian dituen lau egoitzak kontuan harturik. Balizko enplegu-erregulazio espedienteak hiru egoitzaren itxiera ekarriko luke eta 230 langileren kaleratzea

Los trabajadores del grupo CEL en una concentración realizada ante la sede de la Diputación de Bizkaia. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)
Los trabajadores del grupo CEL en una concentración realizada ante la sede de la Diputación de Bizkaia. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

CEL papergintza taldeko langileek elkarretaratzea egingo dute gaur Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, 10.00ak eta 12.00ak bitartean. Balizko enplegu-erregulazio espedienteak hiru egoitzaren itxiera ekarriko luke, eta 230 langileren kaleratzea. Enpresak, orotara, lau egoitza ditu –Zallan (2), Gueñesen eta Artziniegan–, eta 254 langile.

Aste hau erabakigarria izan daiteke Txileko enpresa batek interesa agertu baitu CEL erosteko. Batetik, paper enpresako lan batzordeak atzo bilera izan zuen konkurtsoko administratzailearekin txiletarren bisitak eman duenaren berri jaso eta prozesuaren egoera ezagutzeko.

Bestetik, atzerriko enpresako ordezkaritza LAB eta UGTrekin bildu zen asteazkenean ELArekin beste hainbeste egin ostean.

Bilera amaitzean LABek azaldu zuenez, erosketa eskaintza «zehaztu gabe dago oraindik eta hau euren hurrengo bisitan egingo dute, irailaren 25 inguruan».

Beraien asmoak ekoizpenetan aldaketak egitera bideratuko direla erantsi zuten, «inbertsio handiak beharko dituztenak eta soldaten sakrifizio handiak exijituko dituztenak», aurreratu zuen sindikatu abertzaleak.