Diadaren ospakizuna bi egunez aurreratu dute Euskal Herrian, Kataluniarekin koordinazioguneak eta Assemblea Nacional Catalana-ren (ANC) euskal ordezkaritzak deituta. Elkarretaratzeak egin dituzte eguerdian Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Diadarekin 1714an tropa borboitarren aurkako gudan askatasuna galdu zuela gogoratzen dute kataluniarrek irailaren 11n.
Aurtengo Diada berezia da ordea, izan ere urriaren 1eko erreferenduma bertan baitago eta Kataluniak bere etorkizuna erabakitzeko aukera izango du. Hori dela-eta, «eskubide osoko nazio bat bezala gure identitatea berreskuratzen ari garela ospatu nahi dugu», nabarmendu dute elkarretaratzeetan irakurri duten agirian.
«Heria aitzindari izan den bide horretan, kalea irabazi dugu inoiz ez bezala eta, kalearekin batera, jendearen konfidantza eta Gobernuaren konpromisoa prozesuarekiko», erantsi dute.
Kataluniako prozesua oztopatzeko Gobernu espainolaren jarrera gaitzetsi eta bere «harrokeria» salatu dute, «behin eta berriro saiatu baita bere boterea erakusten Kataluniako herriaren borondatearen aurka».
Alabaina, botera, demokrazia batean, «herriaren konbentzimendua» dela nabarmendu dute, eta «konbentzimendu hori urriaren 1ean adierazi ahalko da azkenean».
Adierazi dutenez, herritarrei iritsi zaie hautetsontzien bidez «erantzun demokratiko, zibiko eta transbertsala» emateko unea.